Azken aldia izatea nahi dute
Sei familia behar ditu Oporrak Bakean egitasmoak eta igandean bukatzen da izena emateko epea. Haur hauek kanpamendutik ateratzeko beharra azpimarratu eta parte hartzera deitu dute.
Kanpamenduetatik bi hilabetez ateratzeko helburuarekin sortu zen Oporrak Bakean egitasmoa, Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritzaren eskariz. 32 urtez etorri dira hainbat haur Donostiara uztaila eta abuztua pasatzera, eta aurtengoa, azkena izatea nahi dute. Hala azaldu du Eli Eizagirre Oporrak Bakean egitasmoko koordinatzaileak: “Egitasmo hau une jakin bateko behar larriei erantzuteko sortu zen. Sahararrak euren lurraldetik bota zituzten, eta gure nahia egoera bere onera itzultzea da”. Bitartean, ahal duten neurrian, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren haurrei laguntzen jarraitu nahi dute.
“Urtetik urtera gero eta familia gutxiago egoten dira udaran haurrak hartzeko prest”, azaldu du Eizagirrek. Uste du jendearentzat “nekagarria” ere izan daitekeela urteko bolada honetan haurrak hartzeko familia bila dabiltzala entzutea. Aurten ere estu dabiltza. Martxoaren 31 zen izena emateko azken eguna eta epea luzatu behar izan dute apirilaren 15era arte: “Donostian 16 familia behar genituen eta oraindik sei falta zaizkigu”.
Udara Donostian pasatzeak haurrei on egiten diela uste du Eizagirrek, baina badaki hori ez dela saharar herriaren konponbidea: “Saharar herriak bere lurretara itzuli behar du”.
Bitartean, halako egitasmoetan parte hartzeko deia egin du: “Profil ugaritako jendeak hartu dezake haur bat etxean; pertsona bakar batek, bikote gazte batek, familia nuklear batek, helduek. Berdin du”. Uste du garrantzitsua dela mezua ahalik eta jende gehienengana iristea, eta jendeak «esperientzia zoragarri» honetan parte hartzea.
Esperientzia hori urte luzez bizi izan du Lourdes Fernandez donostiarrak. Familia faltan zeuden urte batean larrialdi dei bat egin zuten, eta orduan animatu zen lehen aldiz programan parte hartzera.
Fernandez, 2000. urtean joan zen lehenengoz Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eta gertutik ezagutzen zuen hango errealitatea. Hala ere, ordura arte ez zen inoiz udaran etxean ume bat hartzera animatu: “Pentsatzen dut jende askori geratzen zaion moduan erreparoa ematen zidala bi hilabeteren ondoren joaten utzi behar izateak”.
Geroztik, urte askoan zehar hartu du parte programan eta azken urte guztietan haur berdina etorri da bere etxera: “Orain neskatoak 17 urte ditu eta harreman handia daukat berarekin”.
Fernandez urtean behin edo bitan joaten da kanpamenduetara: “Oporrak hartzen ditudan bakoitzean hara joateko aprobetxatzen dut”. Gustura dagobehin egitasmoan parte hartzeko hautua egin zuelako: “Nire esperientziari dagokionez, gauza onak baino ez ditut esateko. Haur hauek jaso baino askoz gehiago ematen dute”.
Haurrarekin izan ezik haurraren familiarekin ere harreman estua dauka Fernandezek: “Badaude kasuak familiarekin arazoak dituztenak, baina horrela bada harremana moztu dezakezu eta kitto”. Halako esperientzia bat bizi izan zuen berak: “Familiak gauza pilo bat eskatzen eta exijitzen zizkidan etengabe eta harremana hautsi nuen”. Dena den, azken urteetan hartu duen haurraren familiarekin oso ondo moldatzen da.
Aurten ez du haurrik hartuko baina udarak etxean pasa dituen neskatoaren ahizpa ekartzeko aukera eduki nahiko luke, laster.
Haurrentzat onuragarria
Begiak zabal zabalik eta hitzak bata bestearen atzetik korapilatuz zerrendatzen ditu haurrentzat udara hemen pasatzeak dakartzan onurak: “Ikaragarria izaten da alderatzea nola iristen diren haurrak Loiuko aireportura eta nola bueltatzen diren”, dio Fernandezek. Osasun arazo txikiak izaten dituzte askok eta mediku azterketa batekin beraien bizi kalitatea asko hobetzen dela dio: “Agian betaurrekoak behar dituzte edo Asma dute. Halako gaixotasunak dituzten haurren bizi kalitatea ikaragarri hobetzen da hemen eta sendagaiak eramaten dituzte hara”. Bestalde, azpimarratu du eguneko otordu guztiak egitea eta fruta edo barazki freskoa jan ahal izateak alde handia egiten duela haurren osasunean.
Fernandezek kontatu du normala izaten dela hasieran kulturalki hainbat ezberdintasun egotea: “Ura ez dute asko erabili nahi izaten eta batzuk ez dute ohean lo egin nahi”. Dena den, adibidez, nabarmendu du hizkuntzak ez duela arazorik sortzen: “Segituan ikasten dute, eta normalean, eskolan eta etxean ere ikasten dute gaztelania pixka bat”. Eizagirreren ustez horixe da beste onuretako bat: “Haurrak bi hilabetez Donostian egonda osasunean ikaragarrizko hobekuntza nabaritzea ez da onura bakarra; hemen dauden bitartean gure kultura ezagutzen dute eta hizkuntza bat edo bi ere ikasten dituzte”.
Fernandez orain dela gutxi egon da oporraldiak pasatzen Tindufeko kanpamenduan (Aljeria) eta azken urteetan egoerak okerrera egin duela uste du: “Gero eta laguntza gutxiago iristen da nazioartetik eta beharrak berdinak dira”. Azpimarratu du familia guztiek nahi dituztela haurrak atera: “Martxoan 38 gradutan egon gara, udaran han egotea oso gogorra da”. Bestalde, Fernandezek aipatu du haurrak kanpamenduetatik atera ahal izateko eskolatuta egotea “ezinbestekoa” dela: “Gertatzen dena da haurrei halako programetan parte hartzeko aukera bukatzen zaienean eskolara joateari uzten diotela”. 12 urtera arteko haurrek hartzen dute parte Oporrak Bakean egitasmoan, ondoren, kanpamendutik irteten jarraitzeko gaixotasunen bat edukitzea edo eskolan oso ona izatea beharrezkoa dela dio.
Nabarmendu du Saharan emakumeek etxean botere handia badute ere, kaltetu nagusiak direla: “Gizonezkoek gero eta gehiago alde egin nahi dute kanpamenduetatik eta emakumeak bakarrik geratzen dira”. Gainera, azaldu du antisorgailuekin ere arazo handiak dituztela: “Batzuk ez dute antisorgailurik ibili nahi erlijioagatik eta gaixotasun ugari transmititzen dira, beste batzuk, aldiz, eskatu egiten dituzte”.
Egoera larria
Uste dute ez dela erraza hemendik hango problematikari aurre egitea, baina Fernandezek dio Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzea hango haurrei laguntzeko aukera polita dela: “Esperientzia oso ederra eta aberasgarria da, eta garrantzitsua iruditzen zait kanpaina eta mezuak profil ugaritako pertsona eta familiengana zuzentzea”. Uste du esfortzu gutxi eta trukean gauza on asko uzten dituela egitasmoak: “Niretzat neskatila nire familiakoa bihurtu da, baina ez dauka zertan horrela izan”. Eizagirrek nabarmendu du familia askok urte luzez hartzen dutela parte egitasmoan, beste batzuk, aldiz, behin bakarrik: “Guztiak dira zilegiak eta beharrezkoak”.
Egoera hobetu eta datorren urtean egitasmoaren beharrik ez izatea espero dute. Hala ere, gaur egungo errealitatea bestelakoa da, eta haurrek udara Donostian pasatzeko sei familiaren beharra dutela gogorarazi dute. Bi egun baino ez dira geratzen izena emateko epea bukatzeko.
Abdulah Arabi, Frente Polisarioa: “Nazioarteak beste aldera begiratzen du, interes , jakinengatik”
Zein egoeratan dago Sahara?
Duela 42 urtetik Marokok kudeatzen du Mendebaldeko Sahararen zatirik handiena. Marokok indarrez Saharara hartu zuenetik. Ez dugu ahaztu behar guzti hori Espainiaren abandonua tarteko gertatu zela.
Zer egin zuen Espainiak?
Nazio Batuen Erakundeko lurralde ez autonomoen zerrendan ageri da Mendebaldeko Sahara, baina 1976an eten egin zen deskolonizazio prozesua. Izan ere, urte horretan Espainiak, Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen lurraldea. Ordura arte, eta oraindik ere, lurraldearen gaineko burujabetza du Espainiak. Bi herrialde horiek lurraldea okupatu zuten. Testuinguru horretan, Marokok behartuta, gerra hasi zen; alde batetik, Maroko eta Mauritania Sahara inbaditu nahian, eta bestetik, Espainia beste aldera begira. Izan ere, Espainiak muzin egin zion Sahara deskolonizatzeko konpromisuari eta saharar herriaren autodeterminazio eskubideari. 1979an Mauritania erretiratu egin zen.
Euskadiko Frente Polisarioko arduraduna zara.
Bai. Frente Polisarioa Mendebaldeko saharar herriaren askapen mugimendua da, eta herria ordezkatzeko zilegitasuna duen bakarra. Hala aitortu dio, besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak.
Zer egiten du Frente Polisarioak?
Hasteko, errefuxiatuen kanpamenduak eraiki eta prestatzen ditu, izan ere, kanpamendu hauetan jendea nazioarteko laguntzetatik bizi da. Euskal Autonomia Erkidegoa da laguntza gehien ematen duen autonomietako bat. Horrek lagundu digu erbesteko lehen 16 urteetan bizirauten.
Gerran egon zineten lehen 16 urteetan.
1991an bukatu zen gerra. Nazio Batuen Erakundeak proposatuta akordio bat sinatu genuenean bi aldeek. Bertan saharar herriak bere etorkizuna erabakitzeko erreferendum bat egiteko eskubidea jasotzen zen, baina Marokok ez du akordioa bete eta oztopatzen ari da etengabe. Espero dugu epe laburrean aldaketak egotea, eta saharar herriak autodeterminazio erreferenduma egin ahal izatea. Bitartean, nazioarteak beste aldera begiratzen du, interes jakinengatik.
Udaran bi hilabetez saharar haur bat etxean hartu nahi duzu?
Tindufeko errefuxiatu kanpamenduan dauden 10 eta 12 urteko haurrak udara pasatzera Euskal Herrira ekartzen ditu Oporrak Bakean egitasmoak. Urtero hainbat haurrek uztaila eta abuztua Donostian pasatzen dituzte, basamortuko berotik ihesi. Familiez gain, egitasmoa kudeatzen hainbat begirale egoten dira udara guztian zehar.
Aurten, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban guztira 130 familia behar zituzten eta, oraindik, 55 familia bakarrik lortu dituzte. Donostiaren kasuan ere larri dabiltza: 18 familia behar dituzte eta 12 lortu dituzte, momentuz.
Egitasmoan parte hartu eta uztaila eta abuztuan saharar haur bat etxean hartu nahi duenak izena emateko hainbat aukera dituela azaldu dute: Lankidetza Bulegoan, Aieteko Jauregian (Aiete pasealekua, 65, 1); 943 48 19 83 edo 630 53 34 68 telefonoetara deituta; edo, oporrakbakean@donostia.eus helbidera idatzita.
Martxoaren 31 zen izena emateko azken eguna baina familia falta dela eta, igandera arte luza