Peru Aiarza, Itxaso Piker eta Aiert Ordoñez. (Argazkia: Malen Aldalur)
Añorgako bertso eskolako kideak dira Peru Aiartza, Itxaso Piquer eta Aiert Ordoñez. Hitzekin jolasean hasi, eta, ohartu orduko, plazara egin dute salto.
Añorgako bertso eskolako kideak dira Itxaso Piquer (Amara Berri, 1992), Aiert Ordoñez (Erdialdea, 1989) eta Peru Aiartza (Parte Zaharra, 1996). Orain dela urte batzuk esperoko ez luketen arren, azken aldian plazan dabiltza kantari.
Zaletasuna betidanik eduki duela dio Piquerrek, baina bertso eskolan duela lau urte hasi zen. Aurretik ere aritu izan da gai jartzaile gisa eta auzoko saioak antolatzen, baina ez bertsolari moduan. “Nik gaia jarri ondoren bertsolariek egiten zutena izugarria iruditzen zitzaidan”, azaldu du. Hortik tiraka hasi zen hitzekin jolasean: “Hasieran parrandetan eta horrelakoetan ausartzen nintzen puntutan edo kopletan egitera, eta, ondoren, bertso eskolan hasi nintzen”.
Ordoñezek azaldu du bere etxean ez direla “bereziki” bertsozaleak: “Lagun bat hasi zen bertso eskolara etortzen, bera txikitatik izan da bertso zalea eta hura hasi zitzaidan xaxatzen. Horrela hasi nintzen bertso eskolan”. Hastea kostatu zitzaion arren, gustura aritzen da orain: “Bi edo hiru urtean serio samar ibili gara eta jende aurrean abestera ausartu gara; horrek, gozatzeko eta sufritzeko aukera ematen dizu”.
Aiartza izan da bertso eskolan hasten azkena, baina hala ere gustura dabil plazetan Ordoñez eta Piquerren ondoan. “Nire etxean ere ez dira bereziki bertsozaleak, Euskal Herriko Bertso Txapelketako finalak eta ikusten genituen, baina ez askoz gehiago”. Aiartzak nabarmendu du euskara ikaragarri maite duela eta oso euskaltzalea dela, baina orain arte ez dela, inoiz, bertsozale amorratua izan. 2015eko Gipuzkoako Bertso Txapelketa ikustera joan zen Aiartza lagun batzuekin, eta bertsoarekin liluratuta atera zen handik:?”Lagun bat eta biok bertsotan ikasi nahi genuela erabaki genuen eta bertsozale elkartera deitu genuen ea inguruan zein bertso eskola genituen galdetzeko”. Geroztik, Añorgako bertso eskolara joaten da ostiralero: “Egia esan bertsoa kristoren aurkikuntza izan da niretzat, burua eta pentsatzeko modua erabat aldatu dizkit, obsesio txiki bat bihurtzeraino”.
Jendaurrean
Bertsotan hastean fase ugari daudela uste du Piquerrek: “Hasieran puntuka abesten hasten zara parrandetan eta erdi brometan, baina gero iristen da momentu bat ofizioka zortziko txikian saio bat osatzeko gai zarela ohartzen zarena, eta hori oso pozgarria da”.
Horrela, bertsotarako gai direla ohartu, eta zirrara eta urduritasun artean egin zuten hiruek lehen plaza. Donostiako Piratek antolatutako Ointziola Bertso Txapelketan egin zuen lehen aldiz salto jende aurrera Piquerrek, orain dela 3 urte inguru: “Egia esan gehiegi pentsatu gabe animatu nintzen txapelketan parte hartzera, gaur egun ez dakit egingo nukeen. Hala ere, oso esperientzia ederra izan zen. Neure buruan sinisten hasi nintzen”.
Ordoñezen lehen saioa abenduaren 24 gauean Herria tabernan egin ohi dutena izan zen. Orain atzera begira meritu nahiko eduki zuela uste du: “Orduan neukan mailarekin jende aurrean jarri eta bertsotan egiten nahiko ausardia eduki nuen”. Ondoren, Ointziolan parte hartu zuen Ordoñezek ere Piquerrekin batera, eta pixkanaka lasaitzen eta bere buruarekin erosoago sentitzen ikasi duela dio. Azken erronka Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa izan zela azpimarratu du: “Gabiriako saioa gogoangarria izan zen. Oso plaza berezia da, jende oso bertsozalea dago eta mikrorik gabe abestu genuen”.
Aiartzak, berriz, bertso eskolan urtebete baino gutxiago zeramatzan Piquerrekin eta Ordoñezekin batera lehen aldiz abestu zuenean. «Oso urduri egon nintzen saioaren aurretik baina gogoan dut lehen agurra bota orduko lasaitu nintzela», azaldu du. Geroztik pixkanaka ikasten ari dela dio. Aurten, Mikel Laboa bertso sariketan parte hartu du Aiartzak: “Sariketan abesteko aukera eskaini zidaten eta gustura onartu nuen”. Sariketaren aurreko hilabeteak oso urduri pasa zituela aitortu du: “Sariketa nahiko serioa iruditzen zitzaidan eta nire bertso kideek nirekin alderatuta denbora dezente zeramaten bertso eskolan eta bertso munduan”.
Aurreko hilabeteetan urduri egon arren, egunean bertan lasai egon zela eta gozatu egin zuela dio. Gainera, hirugarren postuan geratu zen donostiarra.
Donostian eta inguruko herrietan hasi dira bertsotan eta horretan jarraitzeko gogoz daude.
Martxoan hiriko hainbat saiotan parte hartu du Piquerrek eta oso pozik dagoen arren, martxoan saioak egitea ez dela kasualitatea dio: “Pozik nago leku askotan abesteko aukera eskaini didatelako, baina martxoko saioetarako deitzea ez da kasualitatea. Ez gara asko Donostian bertsotan aritzen garen emakumeak eta seguru asko horregatik deitu didate”. Bestalde, bertso eskolako lagunak kantu kide izateak beti lasaitzen duela uste du. Bat dator horretan Ordoñez ere: “Azkenean, gure maila altua ez denez, lagunekin eta seguru kantatzeak asko laguntzen du”. Aiartzak gaineratu du kantatu ahal izateko ezinbestekoa dela norekin kantatu edukitzea: “Aiertekin, adibidez, askotan goizean esnatu eta mugikorrean bere bertsoa edukitzen dut eta hala ibiltzen gara mugikorretik bertsotan”.
“Elkarrekin eta babestuta” abestea asko eskertzen dute hiruek, eta kantatzen jarraitzeko asmoa dute. “Orain oso motibatua nago bertsoarekin eta hiruok honetan jarraituko dugula iruditzen zait”, dio Aiartzak.