'Oreka', eskola jazarpenaren inguruan hausnartzeko antzezlana
Eskola jazarpenaren inguruan hausnartzeko asmoarekin 15 minutuko antzezlan bat jarri du udalak hiriko ikastetxeen eskura: Oreka. Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Amaia Ruiz de Galarreta eta Barbara Rivas Aranburu Oreka mikroantzerkiko kideek aurkeztu dute egitasmoa.
Egitasmoaren helburuak aurkeztu ditu Insaustik: “Bullying-ak gazteen artean hartu duen indarra ikusita, helburua da gazteei gai sensible honi buruz sentsibilizatzea, eta horretarako hausnarketa sakon bat eginarazi nahi zaie errealitatea gertutik ikusaraziko dien mikroantzerki baten bidez”. Aktoreek azaldu dute antzerkiaren bitartez gazteek sentitzen dutena eta besteek onartzen dutena ikusarazi nahi dutela.
Antzezlanak honako istorioa kontatzen du: “Haien eskola garaian, Miren oso gaizki portatu zen Anerekin eta, nahiz eta urte asko pasa diren, Ane oraindik minduta dago eta erantzun bila dabil. Hori dela eta, Mirenekin kontaktuan jartzea erabakitzen du”.
Donostiako ikastetxeetara zabalduko du udalak egitasmoa; ondoren, ikastetxeek Donostiako Udalaren Hezkuntza Atalarekin harremanetan jarri beharko dute 943 48 14 02 telefonora deituta edo hezkuntza@donostia.eus helbidera idatzita.