(Argazkia: Donostiako Udala)
Erdialdeko Cervantes aparkalekuaren aireztatze burdin sarea lekuz aldatzeko obrak hasi dituzte. Urbieta kalearen eta Askatasunaren hiribidearen artean dago kokatuta. Lanek hiru hilabeteko epea izango dutela azaldu du Donostiako Udalak, eta aurrekontua 220.000 eurokoa da.
Burdin sarea kendu eta metro gutxira jarriko dute hiru zatitan bereizita, trafikoari ez eragiteko. Hain zuzen ere, Askatasunaren hiribidearen taxi geltokiaren ondoko espaloiaren zati batean eta errepide tartean jarriko dute. Horrek ibilgailuen segurtasuna hobetuko duela azaldu du udalak, moto gidariek sarea zapalduko ez dutelako.
“Lehen fasea aste honetan egingo da eta, bertan, obrak egiteko behar diren trafiko aldaketak prestatzeko lanak egingo dira”, adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Lehen fasea egiteko Askatasunaren hiribidearen eta Urbieta kalearen arteko biraketa moztu egingo dute.
Behin trafiko aldaketak zehaztuta lanak egiteko gunea itxiko da, ziurrenik, datorren astean. Ondorioz, trafiko eraginak handiagoak izango dira. Miramar-Urbieta ibilbidea itxiko da eta, beraz, ibilbide hori erabiltzen duten autobusek Hernani-Askatasunaren hiribidea-Urbieta ibilbidea erabili behar izango dute. Horrek ez du eraginik izango autobus geltokietan. Era berean, Askatasunaren hiribideko oinezkoen eta bizikleten zebrabidea moztuko da.
Dena dela, eragin gehien izango dituena Easo-Askatasunaren hiribidea ibilbidearen mozketa izango da. Bertatik igarotzen den garraio publikoa San Martin kaletik desbideratuko da. Dbusek informazioa emango du ibilbide eta geltoki aldaketei buruz hurrengo astean.