Sukaldaritza ikastaro berezia egingo dute Txirain elkartean
Ikastaroan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, mugen@mugengainetik.org posta elektronikora idatzita edo 943 31 62 14 telefono zenbakira deituta.
Sukaldaritza ikastaro txiki bat eskainiko du Mugen Gainetik elkarteak, Antiguako Txirain kultur elkartearen egoitzan: Elikadura burujabetza mahai gainean. Landuko dituzte garaian garaiko eta tokiko elikagaien kilometro zeroko errezetak. Bide batez, elikaduraren inguruko hausnarketa egingo dute: Zer jaten dugu?; gure elikadurak gizartean eta ingurunean duen eragina; gure erabakien ahalmena; garaiko eta tokiko elikagaiak kontsumitzea.
Helburu bikoitza izango dute ikastaroak. Alde batetik, errezeta eta sukalde modu ezberdinak ezagutaraztea, eta, bestetik, elikadura burujabetzaren nondik norakoak zabaltzea. Ikastaroa osatuko dute bi saiok, bi ordu inguruko iraupenarekin: apirilaren 19an, euskal sukaldaritza; eta apirilaren 26an, Nikaraguako sukaldaritza. Bi saioak 18:00etan hasiko dira.