Chema Cabrero, jokalarien artean pasatzen, txapela buruan duela. (Argazkia: Salto Bera Bera)
Salto Bera Berak ligako azken partida jokatu zuen joan den asteburuan, gurpildun aulkiko saskibaloi ligan, Zuzenak taldearen aurka, Bidebietan. Etxeko taldeak 36-75 galdu zuen; eta Zuzenak igoera faserako sailkatu da, Ohorezko Mailara igotzeko helburuarekin.
Edonola, norgehiagoka bukatzean, omenaldi baterako tartea hartu zuten. Izan ere, Chema Cabrero merezi zuen moduan agurtu nahi izan zuten Salto Bera Berako lagunek. Hogei urte baino gehiagoren ostean, kirolari agur esatea erabaki du Cabrerok. Hainbat klubetatik igaro da, eta Europa mailako lehietan ere parte hartu izan du. Duela lau urte iritsi zen Bera Berara, eta klubak dio bere ekarpena izugarria izan dela: “Bere izaeran daramatza hainbat balore garrantzitsu; konpromisoa, esfortzua, errespetua, laguntasuna eta sakrifizioa. Balore horiek taldeari transmititu dizkio, adeitasunez eta bere jarrera ezinhobearekin”. Hori guztia kontua izanda, txapel bat oparitu zioten Cabrerori, eta jokalari guztien txalo artean igaro zen pista erditik.
Partida hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde zuten Mena epailearen emaztea hil dela eta.