Erraustegiaren aurkako elkarretaratzeak egingo dituzte Gipuzkoako anbulatorioetan
Osasuna Bermatu lelopean elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, asteazkena, 19:00etan, Gipuzkoako anbulatorioen aurrean. Azaldu dute azken aldian erraustegiaren inguruan argitaratu diren albisteek kezka areagotu baino ez dutela egin eta protestetan parte hartzeko deia egin dute.
“Batez ere osasunarekin erlazioa duten albisteek alarma piztu dute. Berriki CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena aztertu dute eta ikusi dute baimendua dagoela 12 sustantzia toxiko oso larri isurtzea mugagabe eta kontrolik gabe. Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu”, azaldu dute. Gaineratu dute orain dela gutxi Parisen epai historiko bat egon zela: “Parisko auzitegiak arrazoia eman die Vaux-le-Penileko erraustegiak kaltetutako 165 herritarrei eta zigor gogorrak ezarri dizkio kutsaduraren ardura eduki zuen Meluneko mankomunitateari. Izan ere, baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago isurtzen zuela aurkitu zuten 1998an egindako ikerketan. 2002an egindako ikerketetan dioxinak legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten”.
Bestalde, azpimarratu dute Marseilan ere erraustegiaren inguruko elikagaietan dioxinak topatu dituztela: “Montpelierretik ere azaldu ziguten nola erraustegi modernoek ere 2000 sustantzia isurtzen dituztela zeintzuk soilik 50 neurtzen direnak. Txosten batek baieztatu zuen ingurukoen gaixotasun larriak horrekin lotura zutela. Pisan (Italia) ere antzeko txosten eta emaitzak, gaixotasun eta heriotzak. Azken honetan erraustegia ixtea erabaki dute. Ezin dugu ahaztu Madrileko Valdemigomezeko inguruko bizilagunen testigantzak, denak norabide berdinean; usai txarrak, minbiziak eta heriotzak”.
Gertakari guzti hauek kontutan hartzea eskatu dute. “Exijitzen dugu gure osasuna bermatzea eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat EITBn, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, gaineratu dute.