Kirol Txartela Solidarioarekin kirol pista bat eraikiko da Indiako nesken barnetegi batean
Kirol Txartela Solidarioa egitasmoaren bidez bildutako dirua aurten Indiako nesken barnetegi batean kiroletako pista bat eraikitzeko erabiliko dela jakinarazi du Donostiako Udalak. Proclade Yanapay Fundazioak aurkeztutako proiektu bat da eta Sahanagar-eko Marsal Sadan barnetegian garatuko da, Mendebaldeko Bengalan.
Sei eta hamabost urte bitarteko 121 neska bizi dira bertan, kasta baxukoak eta kastarik gabekoak, eta baliabide urriko familiakoak. Kirol pistaren proiektuaren bitartez, “neskato hauen hezkuntzaren barruan kirola txertatu nahi da, kirol jarduerak, komunikazio bidea bezala eta harreman sozialetarako tresna bezala dituen onuraz baliatzeko”, Iñaki Revilla Gipuzkoako Proclade Yanapay Fundazioko delegatuaren arabera.
Egitasmo honen bitartez, Donostia Kirolak Kirol Txartelaren harpidedun berri bakoitzeko euro bat bideratuko du udalak fundazioaren proiektura, 5.000 euroko mugarekin. Aurtengoa ekimenaren hamargarren edizioa izango da, aurreko urtetan beste hainbat proiektu lagundu direlarik: Indian (Calcuta Ondoan), Nepalen (Rigpe Dorje), Bekojin (Etiopia-Utopia), Ugandan (AmigoSolidarios), Ghana-n (ASF), Saharan (SEK), Sudafrikan (Unicef), Wukron (Etiopia-Utopia) eta Ekuadorreko Amazonian (Sport Mundi).