Liburuaren Nazioarteko Egunaren jarduerak aurkeztu dituzte
Datorren astelehenean, hilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, Donostiako Liburutegi Zerbitzuak hainbat jarduera antolatu ditu. Gipuzkoa plazan Liburu-denden Elkartearen Liburu Azoka egingo da egun osoan zehar, 9:30etik 20:00etara.
Publiko mota guztiei zuzenduriko jarduerak egongo dira astelehenean. Haurrentzako programari dagokionez, Pako Aristi idazleak ipuin bat sortzeko tailerra eskainiko die Zuhaizti ikastetxeko ikasleei (10:00etatik 12:00etara). Aldiz, 17:30etik aurrera Maider Galarzaren Maleta kontuak ikuskizuna dago programatua, bertan 2017 urtean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten 10 haur sarituko dira. Saritu bakoitzari 30 euroko txartel-bono bana emango zaio Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
Helduentzako proposamenik ez da faltako. Mary Shelley idazlearen Frankestein liburuaren irakurketa eskainiko da euskaraz EIZIEren eskutik. Iñigo Errastik itzuli zuen 1818ko liburua euskara. 13:00etan eta 16:00etan irakurketa publiko librea eleanitza egiteko aukera egongo da. Gehienez bost minutuko txandak antolatuko dira eta edonork tarte bat izango du aukeratzen duen testua gehien maite duen hizkuntzan irakurtzeko. Parte hartzeko izena eman behar da Alderdi Ederreko liburutegian.
Egunarekin bukatzeko, Rafa Ruedak kontzertua eskainiko du azoka gunean, 19:00etatik aurrera.
Ibilaldia Pio Barojarekin
Astelehenaren aurretik, larunbatean, Pio Barojari buruzko literatur ibilbide antzeztua egingo dute hiriko kaleetan zehar Isidoro Fernandez aktorearekin. Amaia Garcia eta Slawka Grabowska, literatur solasaldietako dinamizatzaileak, izango dira ibilbidearen gidariak. Okendo plazatik abiatu eta Parte Zaharrean zein Erdialdean zehar ibiliko dira. Ordubeteko iraupena izango du eta gaztelaniaz izango da. Parte hartzeko Alderdi Ederreko liburutegian izena eman behar da.
Bestalde, apirilaren 24an, Joxan Artze poeta zendu berriari omenaldia egingo diote San Telmo Museoan.