Pozik baina zuhurtziaz hartu dute berria Uliako bizilagunek
Udaleko Etxebizitza Planak ez du inolako eraikuntzarik aurreikusten Uliako mintegietan. Beraz, udalak ez ditu bertan eraikiko aurreikusten zituen gazteentzako etxebizitzak, hiriko beste lursail batzuk erabiliko ditu horretarako. Erabakia ofizial egin da Etxebizitza Plana aurkeztearekin batera. Pozik jaso dute berria Uliako auzo elkarteko kideek eta Uliako Lore Baratzeetako lagunek, nork bere aldetik.
Ez da parkea arriskuan egon den lehen aldia, Odon Elorzaren garaian luxuzko etxebizitzak egin nahi izan zituzten baina proiektua bertan behera geratu zen. Oraingoan ere hala izan da eta udalak, momentuz, ez du Uliako mintegietan etxebizitzarik eraikiko. Pozik daude bizilagunak baina tentuz jokatu nahi dute. Auzo elkarteak, bere aldetik, Uliako mintegiei parke izendapena emateko eta monumentu multzo izendatzeko eskatu dio udalari.
IRUTXULOKO HITZAk erreportaje zabala argitaratuko du ostiralean parkea gertutik ezagutzen duten hainbat lagunekin hitz eginda.