(Argazkia: I. Esnaola)
Omenaldi berezia prestatu dute San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak. Joxean Artze euskal sortzailearen 40 urteko ibilbidea jasotzen duen
Ikimilikiliklik JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko erakusketa berreskuratu, eta berriz ikus daiteke museoko Laborategian. Era berean, hilaren 24an ekitaldi berezi bat egingo dute usurbildarra omentzeko. Pasa den urtarrilean zendu zen.
2015ean EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera aurkeztu zuen museoak Artzeren ondarea biltzen duen instalazioa. Ordutik, Euskal Herriko zein nazioarteko 12 tokitan egon da ikusgai, eta berriz ere, Donostiara itzuli da. Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu zuten lana.
Artzeren unibertsoa
Musika, dantza, ikus-entzunezko proiekzioak eta poesia uztartuko ditu apirilaren 24ko ekitaldiak, parte hartzaile askorekin eta ordubeteko iraupenarekin. Lizarralde eta Rodriguez dira zuzendariak, Asun Lasarterekin batera.
Errezitatzaileak Ramon Agirre eta Miren Aranburu izango dira. Malandain Ballet Biarritzeko hainbat kidek dantza saioa eskainiko dute. Musikari eta abeslariak, berriz, Maddi Oihenart, Mixel Arotze, Mixel Etxekopar, Beñat Axiary, Julen Axiary, Pedro Soler, Ainhoa Zubillaga, Loreto Fernandez Imaz eta Sorkunde Idigoras izango dira. Ensemble Vocal Donostia abesbatzak, Zuaznabartarrak txalapartariek eta Morgancrearen proiekzioek osatuko dute ekitaldia.
Ekitaldia ikusteko gonbidapena eskuratu beharko da. Ostegunetik aurrera museoko leihatilan eskura daitezke, 10:00etan hasita. Pertsona bakoitzeko bi eskatu ahal izango dira.