Uliako Lore Baratzak: "Parkea defendatzen jarraituko dugu"
Udalak Aranzadi elkarteari bere egoitza Uliako mintegietara mugitzeko aukera eskaini dio. Orain dela gutxi jakin zen udaleko Etxebizitza Planean ez zuela inolako eraikuntzarik aurreikusi, eta, beraz, bertan ez zela eraikiko gazteentzako etxebizitzarik. Erabakia ospatzeko brindisa antolatu zuten joan den igandean, orain, Uliako Lore Baratzak elkarteko kideak kezkatuta daude.
Uliako Lore Baratzakek azaldu du tokiko hedabideei esker jakin duela berria eta ez dutela udalarekin hitz egin. Argi utzi nahi izan dute beraiek herritarren ondoan jarraituko dutela parkea defendatzen. “Parkeak balio natura, historiko, kultura eta paisajistiko ikaragarria du, eta Aranzadi zientzia elkarteak guzti horiek jaso zituen guk enkargatutako txostenean”, azaldu dute.
Gaineratu dute, badakitela aspalditik ari dela Aranzadi leku bila eta aitortu dute haientzat onena nahi dutela: “Urte asko daramatza Donostian leku baten bila eta beraientzat lekurik onena nahi dugu, baina gogorarazten dugu Aranzadi Intxaurrondora mugitzeko aukera aztertzen ari zela”. Azaldu dute lehengo Kosta Zuzendaritzaren eta Estatuko Meteorologia Agentziaren eraikinak egokitu daitezkeela horretarako.
Salatu dute parkeko egoitzaren inguruko udalaren jarduna “zalantzagarria” dela, eta beraiek parkea babesten jarraituko dutela. Datozen egunetan Aranzadi zientzia elkartearekin biltzekoak dira.