Imanol Olaizola, Euskadiko Orkestrarekin.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere fundatzaile eta lehen presidente Imanol Olaizolaren (Donostia, 1920) heriotzaren albiste tristea jaso du. 98 urte zituela, Orkestraren mentore, bultzatzaile eta kudeatzaileak oraindik interesez jarraitzen zuen euskal erakundearen ibilbidea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere oroimenez eskainiko ditu gaurko eta biharko programatuta dituen kontzertuak, Gasteizko Principal Antzokian eta Donostiako Kursaalen, hurrenez hurren. Olaizolari agur esateko hileta-elizkizuna bihar, apirilaren 20an, 19:00etan izango da Donostiako San Bizente Elizan.
Kimikaria formazioz, Imanol Olaizolak urteak zeramatzan euskal kultur munduari lotuta, musika-esparruari, bereziki. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa abian jartzeko enkargua jaso aurretik, 60ko hamarkadan Gipuzkoako Abesbatzen Jaialdiaren, Bach Jaialdiaren eta Donostiako Jazzaldiaren sorreran ere hartu zuen parte. Aurrerago beste kargu batzuk ere izan zituen CATean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, Easo Abesbatzan eta Eusko Ikaskuntzan. 1981eko uztailean, Imanol Olaizola Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko zuzendaria zela, ordura arte amestutakoa errealitate bihurtzeko aukera izan zuen. Ramon Labaien Kultura Sailburuak nahiz Carlos Garaikoetxea lehendakariak berak eskatuta, makinaz idatzitako 16 orri haietan jaso zuen, paperean, “Euskal Herriko Orkestra” oinarri-oinarrian izan zitekeena eta izan behar zuena. Proiektuak abian jartzeko urratsak zehazten zituen: helburuak eta jarduerak, behar zen pertsonala eta hasierako aurrekontuaren balioespena. Imanol Olaizolak berak beti azaldu izan duenez “Euskal kulturari bizirik eusteko nahiak eraman zuen Agirre lehendakaria erbestean Eresoinka bultzatzera; gobernu autonomiko berriak, berriz, bokazio unibertsala eta musika-tradizio garrantzitsua duen herri baten irudia ere proiektatu behar zuen”.
Labaien kontseilariak proiektuan eta proiektu hura bultzatzeko Imanol Olaizolarengan jarri zuen konfiantza, eta Eusko Jaurlaritzako buru zen Carlos Garaikoetxearen babesa, erabakigarriak izan ziren ekimena arrakastatsua izan zedin. 1982ko apirilaren 20an eskritura publiko bidez ofizialki eratuta geratu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta Imanol Olaizola izendatu zuten lehenengo Administrazio Kontseiluko Presidente.