Hondarpek abian jarri du ‘Udaberri gorria’ egitasmoa
Groseko Hondarpe auzo elkarteak izaera sozial handiko hainbat jarduera egingo ditu, apirila eta ekaina bitartean. Jarduera horiek Udaberri gorria lelopean egingo dituzte. Hala nola, turismoaren kontrako ekitaldiak, etxebizitza eskubidearen aldekoak eta atzerritartasun politiken azterketa kritikoa. Orain arte hainbat jarduera egin dituzte auzo elkartean, eta aurrerantzean beste hainbeste egiteko asmoa dute.
Hurrengo jarduera datorren asteko asteartean izango da, apirilaren 24an. Turismo ereduaz eta merkataritzaz hitz egiteko mahai-ingurua egingo dute. Bizilagunekin plataformak antolaturiko programaren barruan dago. Bertan parte hartuko dute Hondarpeko ordezkariek, Jaietan jai plataformak eta auzoko dendariek. Auzo elkartearen egoitzan izango da 19:00etatik aurrera.
Maiatzerako, berriz, beste hainbat jarduera antolatu dituzte. Laia Abokatuak taldeak atzerritartasun lege eta politiken inguruko hitzaldia eskainiko du. Bestalde, Jaietan jai plataformak mobilizazioak egingo ditu igandeetan irekitzen duten merkataritza gune handien aurrean.
Europar Batasunaren inguruko mahai-ingurua ere egingo dute Askapenak antolatuta. Munduko Turismo Erakundearen kongresua dela eta, auzoa giripotea egingo dute. Azkenik, ekainean etxebizitzaren aldeko jardueraren bat egingo dutela aurreratu dute.