Marisol Garmendia Mugikortasun diputatua eta Izaskun Gomez Pasaiako alkatea. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Pasaiatik hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako bidegorri sarean informazio panel berriak jartzen, eta Añorgako bidegorrian ere jarriko dituzte. Lehenengo panelak Pasaia-Arditurri ibilbidean jarri dituzte, Oiartzunera doan 15 kilometroko eremuan: “Helburua da Gipuzkoako bidegorrien foru-sarea ezagutzera ematea eta sustatzea, bizikleta bidezko joan-etorriak ohitura bihur daitezen”, adierazi du Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuak.
Ibilbide hauetan jarriko dituzte kartelak: Pasaia – Arditurri (Oiartzun); Lasarte Oria –
Añorga; Andoain – Leitza, Irun – Endarlatsa; Tolosa – Ormaiztegi; Zumarraga – Azpeitia; Eskoriatza – San Prudentzio – Bergara – Oñati eta Soraluze – Antzuola.
Karteletan adieraziko dute ibilbide bakoitzaren kilometro kopurua, gurutzatzen dituen udalerriak, udalerri batetik bestera dauden kilometroak eta erabiltzaileentzako interesgarria izan daitekeen informazioa: iturriak, atsedenguneak, udalerrien turismo-informazio puntuak, garraiobide publikoekin loturak, monumentuak…