Mendekotasuna duten pertsonen laguntzak murriztu dituztela salatu du EH Bilduk
Gipuzkoako Aldundiak onartutako foru dekretu baten ondorioz, mendekotasuna duten pertsonen diru laguntzak murrizten ari direla salatu du EH Bilduk. “857 donostiarrek jasotzen duten laguntzetan murrizketak ezarriko ditu EAJ-PSE-EE koalizioak”, azaldu du Olaia Duarte zinegotziak. Hori dela eta, datorren asteko udalbatzarrean eskatuko dute udalak dekretuaren aurkako jarrera hartzea eta kalteturiko familiak zein egoeratan dauden aztertzea.
Urtarriletik aurrera, laguntza jasotzen duten 16.697 onuradunetatik % 27ak, hau da, 4.330 pertsonek, murrizketak jasaten hasi direla azpimarratu du Duartek. Batez ere, mendekotasun handia dutenak izango dira kaltetuenak gaineratu duenez. “Esate baterako, mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei hilabetero 80 euroko murrizketa aplikatu zaie urtarrilaz geroztik, hau da, ia 1000 euro urtean”.
Herritarren premiekin “talka” egiten du foru dekretuak Duarteren arabera. “Murrizketek, gainera, dagoeneko oso kaltetua dagoen kolektibo batengan izango dute eragina: pentsiodunak, batez ere emakume pentsiodunak, mendekotasun-laguntzak gehien jasotzen dituztenak direlako”.