Uliako mintegien parkea.
Udalak parkea Aranzadi zientzia elkarteari eskaini izanak, ezustean harrapatu ditu bizilagunak. Aranzadirentzat beste egoitza bat topatzeko eskatu diote udalari.
Udalak Aranzadi zientzia elkarteari eskaini dio bere egoitza Uliako mintegien parkean jartzeko aukera. Horrek hautsak harrotu ditu. Izan ere, orain dela gutxi jakin zen udaleko Etxebizitza Planak ez zuela inolako eraikuntzarik aurreikusten Uliako mintegietan, eta, beraz, udalak ez zituela eraikiko bertan aurreikusten ziren gazteentzako 70 etxebizitzak. Orain, aldiz, parkearen etorkizuna zalantzan dago, berriro.
Urteak daramatza Aranzadi elkarteak hirian «egoitza finko» bat edukitzeko borrokan, eta, aspaldi egin zio udalak Uliako mintegien parkea erabili ahal izateko eskaintza. «Aranzadi duela 30 urte dabil egoitza finko baten bila, horrenbestez, hain ospe ona duen elkarte batek Donostian bere egoitza izatea balio handiko gauza da», dio Udal Gobernuak. Azaldu dute ez dela udalak Aranzadiri halako zerbait eskaintzen dion lehen aldia: «Duela urte dezente Aranzadiri proposatu zitzaion Uliako mintegien partzela kudeatzeko, betiere, jakitun izanda balio handikoak direla». Udal Gobernuak gaineratu du ur biltegien balioa, esaterako, aintzat hartu beharreko gauza dela eta Aranzadi bezalako elkarte batek ur biltegien eta partzelaren «kudeaketa ona eta serioa» egin dezakeela.
Gaineratu du parkearen balio naturalak, kulturalak eta historikoak babesteko asmoz eskaini diola Aranzadiri egoitza parkean jartzeko aukera: «Gogoratu behar da, Aranzadik berak balio handia eman ziola parkeari, eta, beraz, horrek ere oso egokia egiten duela zientzia elkarte honek parkean egoitza izatea eta balio hori bertatik ematen jarraitzea, eta parkea zaintzea» .
Ez daude konforme
Erabakiaren aurrean mesfidati agertu dira Uliako Lore Baratzak taldea eta Uliako auzo elkartea. «Kolpe gogorra» izan dela azaldu dute Uliako Lore Baratzako kideek. Bestalde, Uliako Auzo elkarteak azaldu du «goxoki pozoitu bat» iruditu zaiela.
Izan ere, joan den igandean brindisa egin zuten Uliako mintegien parkean etxebizitzarik egingo ez zutela ospatzeko, baina gutxi iraun die pozak. Ezustean harrapatu ditu udalak parkea Aranzadi elkarteari eskaini izanak.
«Oso harreman ona daukagu Aranzadi elkarteko kideekin eta asko lagundu digute parkearen aldeko defentsan», hala azaldu dute Uliako Lore Baratzak elkarteko kideek. Auzo elkartea ere bat dator horretan eta Aranzadi zientzia elkarteak parkearen balioa ikusarazteko egindako lana eta esfortzua azpimarratu ditu.
Dena den, udalak azaldu duenez, Aranzadik oraindik ez du onartu eskaintza: «Udal Gobernuak proposamena luzatu dio, baina momentuz proposamenean gelditu da. Orain Aranzadik aztertu beharko du nolako erantzuna ematen dion egindako eskaintzari».
Beste leku bat
Uliako auzo elkartea eta Uliako Lore Baratza elkartea, biak ari dira parkea babesteko lanetan, bakoitza bere aldetik, eta lan horretan jarraitu nahi dute. Horregatik, uste dute Aranzadiren egoitza parkean jartzea ez dela ideia ona, baina ados daude esatean, Aranzadi zientzia elkarteak egoitza iraunkor bat merezi duela hirian: «Badaude hirian eraikin huts asko horretarako erabili daitezkeenak».
Aste honetan Aranzadirekin biltzen aritu dira bi elkarteak, eta honek udalaren eskaintzari uko egiteko eskatu diote: «Urte asko daramatza Donostian leku baten bila eta beraientzat lekurik onena nahi dugu. Horregatik, gogorarazten dugu Aranzadi Intxaurrondora mugitzeko aukera aztertzen ari zela». Azaldu dute lehengo Kosta Zuzendaritzaren eta Estatuko Meteorologia Agentziaren eraikinak egokitu daitezkeela horretarako.
Ezegonkor dago beraz, berriro, Uliako mintegien parkea. Odon Elorzaren garaian luxuzko etxebizitzak eraiki nahi zituzten, eta azken bi legealdietan gazteentzako 70 etxebizitza. Bizilagunen borrokari esker parkea babestea lortu zutela uste zuten, eta, ospakizunak hasi eta egun gutxira jakin dute Aranzadiren egoitza jarri dezaketela bertan. «Hala ere guk beti jarraituko dugu herritarren alboan parkea babesten», azaldu dute Uliako Lore Baratzak elkarteko kideek.
Hala ere, ez dute esperantza galdu eta Aranzadi zientzia elkarteak udalak eskainitako aukerari muzin egiteko tartea badagoela diote, horregatik, beraiekin bildu dira auzo elkarteko eta Uliako Lore baratzak elkarteko kideak.«Urte ugari daramatzagu batzuen eta besteen proiektuak alboratu eta parkea babestu nahian. Odon Elorzaren garaian, luxuzko etxebizitzak egin nahi zituzten, gero babes ofizialekoak eta orain Aranzadi zientzia elkartearen egoitza jarri nahi digute. Ez dago eskubiderik», azaldu du auzo elkarteak.
Felix Soto.
Felix Soto, Uliako Auzo elkartea: “Parkea babesteko eskatzen diogu udalari, merezi duelako”
Auzo elkarteak urte mordoa daramatza Uliako mintegiak babestu nahian.
12 urte daramatzagu Ategorrieta-Ulia mintegien defentsan. Lehenengo, Odon Elorzak 14.000 metro koadroko lursaila saldu nahi zuen bertan luxuzko etxebizitzak eraikitzeko, parkeko balio naturalen aurrean ezikusiarena eginez. Elorzaren plan horretan mintegiak ere desagertu egiten ziren, lotsagarria zen. Orduan guk Aranzadiri laguntza eskatu genion, eta parkearen balioa azaleratu genuen.
Ondoren, babes ofizialeko etxebizitzak eraiki nahi zituzten.
Bai, eta hori udal talde guztiek onartu zuten. Gerora, beraiekin bildu ginen, eta EH Bilduk, Irabazik eta PPk arrazoia eman ziguten, Udal Gobernuak, aldiz, ez. Dena den, esan behar da,horren guztiaren aurretik guk parkearen kustodia lortu genuela. Orduan hasi ginen, esaterako, mintegietako bisita gidatuak antolatzen.
Parke izendapena emateko eta monumentu multzo izendatzeko eskatu duzue auzo elkarteko kideek. Zergatik?
Ez dugu nahi etengabe ezustekoak hartzen ibili. Izan ere, egitasmo bat baztertzen dute, eta ohartu orduko, beste zerbait eraiki nahi dute. Parkea babesteko eskatzen diogu udalari, merezi duelako. Horregatik, onena parke izendapena ematea eta monumentu multzo izendatzea dela uste dugu.
Udalak Aranzadiri egoitza bertan jartzeko aukera eskaini dio.
Ez dugu ulertzen udala zertan ari den. Aranzadik egoitza bat behar du, noski, baina beste leku asko daude horretarako. Ez dugu onartuko parkean adreilurik jartzerik. Aranzadik eskaintza hau ukatzeko itxaropena dut.
Iñigo Jimenez.
Iñigo Jimenez, RAIS Euskadi: “Kalean bizi den jendearekin joaten gara bara, tzera lanera”
Nola ezagutu zenuen Uliako mintegien parkea?
Gogoan dut txikia nintzela eskolara bidean ikusten nuela parkea itxita eta beti galdetzen nion neure buruari ea zer zegoen ate horren atzean. Gerora, Uliako Lore Baratzen bloga ezagutu nuen ,eta horren bitartez ezagutu nuen parkea. Orduan umearekin joaten hasi nintzen eta asko gustatu zitzaigun bioi.
Orain kalean bizi den jendearekin joaten zara baratzean lan egitera. Nola bururatu zitzaizun?
Bai. Parkean asko ibiltzen nintzen, eta ikusi nuen talde ugarik erabiltzen zutela. Nik RAIS Euskadin egiten dut lan, kalean bizi den jendearekin, eta lantokian pentsatu genuen ideia ona litzatekeela haiekin parkean zerbait egitea. Orain kalean bizi den jendearekin joaten gara parkera, eta baratzean aritzen gara lanean. Gainera, sukaldaritza ikastaroak ere egiten ditugu, eta, horretarako, baratzako produktuak erabiltzen ditugu: denetarik landatzen dugu, adibidez, letxugak, azaloreak, tipulina eta azenarioak.
Zergatik da garrantzitsua zuretzat parkea?
Egia esan niretzat parkea aurkikuntza bat izan da, bai arlo pertsonalean baita profesionalean ere. Donostian badaude parke gehiago, agian arkitektonikoki haurrentzat prestatuagoak daudenak, baina parke hau askoz askeagoa da. Nire haurrarekin joaten naizenean, adibidez, apenas jarri behar diot mugarik, lasai jolastu dezake bertan. Hori harrigarria da eta gehiago kontuan hartuta, parketik oso gertu errepidea dagoela. Gezurra dirudi hain leku txikian bi mundu hain desberdin egotea; parkea alde batetik eta hiria bestetik.
Eider Sanz.
Eider Sanz, Uliako Lore Baratzak: “Parkea jendea ezagutzeko aukera bat eta elkargune bat izan da”
Nola sortu zen Uliako Lore Baratzak egitasmoa?
Hasiera batean proiektu bat zen. Udalak parkea kudeatzeko proiektu bat aurkeztea eskatzen zuen eta Uliako Lore Baratzak egitasmoa sortu zen. Orain elkarte bat da. Leire Rodriguez hasi zen egitasmoarekin, pixkanaka bizilagunak biltzen joan ziren eta horrela animatu nintzen ni egitasmora.
Zer da zuretzat parkea?
Niretzat parkea jendea ezagutzeko aukera bat eta elkargune bat izan da. Ulia inoiz ez da izan oso auzo bizia eta parkea bizilagunentzat topaleku bat bihurtu da.
Zerk batzen zintuzten?
Denok nahi genuen Uliako mintegien parkea salbatu, eta helburu horrekin bat eginda bizilagun ugari elkartu ginen. Une honetan, guztira, 100 lagun inguru gaude Uliako Lore Baratzetan eta kordinazio taldean, berriz, zortzi lagun inguru. Sarri nekeza izaten da jendea gauzak antolatzera animatzea, bakoitzak bere bizitza eta erritmoak ditu baina ahalegintzen gara gauzak egiten.
Igandean brindisa egin zenuten etxebizitzarik egingo ez zutela ospatzeko, eta, ondoren, jakin duzue udalak Aranzadiri eskaini diola parkea.
Bai, oso pozik geunden eta ahalik eta azkarren ospatu nahi genuen bizilagunekin eta hiritarrekin. Udalak parkea Aranzadiri eskaini izana oso kolpe gogorra izanda guretzat. Aranzadik asko lagundu digu parkea babesten, eta ez dugu zalantzarik egoitza on bat merezi duela, baina ez parkean. Aranzadirekin bilduko gara eta egoeraz hitz egingo dugu. Argi dugun gauza bakarra da guk beti jarraituko dugula parkearen defentsan herritarrekin batera lanean.
Marko Sierra.
Marko SierraAranzadiko, txostenaren egilea: «Donostiarron ondare kulturala eta historikoa ditugu parkean»
Uiako mintegien balioa agerian utzi zenuten Aranzadik egindako txostenetan.
Eremu honen inguruan bi txosten idatzi ditugu. Lehendabizikoan, ur biltegien balio kulturala nabarmendu genuen; bigarrenean, eremu berdearen balio naturalak, historikoak eta kulturalak landu ditugu. Bestalde, bere potentzialitatea ere aztertu dugu parke eta aisialdi gune gisa, inguruko parkeak aztertuz.
Zergatik uste duzu etxebizitza horiek ez liratekeela parkean eraiki behar?
Donostiarron ondare kulturala eta historikoa ditugu parkean. Historiari erreparatuta, hasteko, ur biltegia eraiki zen; ondoren, metro gutxira zuhaitz mintegia ezarri zuten; eta, jarraian, bigarren ur biltegia ere eraiki zen. Hiria handitzen joan zen eta ur biltegiak txiki gelditu ziren, hori dela eta, erabiltzeari utzi zioten. Azkenengo fasean apaintzeko moldaketa batzuk egin dira. Izan ere, eremu txiki honetatik ura zein landareak atera ziren hiria hornitzeko. Leku kultural berdea da, dudarik gabe, eta, gainera, inguruko hirietakoak baino balio handiagokoa da.
Behin baino gehiagotan aldarrikatu duzue parkearen balioa. Zergatik?
Ulia menditik gertu dagoelako, eta hiriarekin konexio edo lotura naturala duelako. Hiriko parke bihurtu da.
Zein onura ditu parkeak?
Aisialdirako gunea izateaz gain, kulturarako eremua ere bada; aukera asko eskaintzen dituen lekua da.
Badirudi, momentuz, ez dutela bertan eraikiko.
Orain helburua, denok konbentzituta, eta, denon artean, aurrerapausoak ematea da.