Iñigo Iturrioz eta Naiara Vegar, Egiako parkeko aldapa bihurrienean. (Argazkia: I. Esnaola)
IX. Sudur Krosa egingo dute bihar, Egiako parkean. Arratsaldean izango dira helduen eta haurren lasterketak, eta festa berezia antolatu dute Donostiako Piratek. Haurtxoko bat jarriko dute familientzako.
Eguraldi ona lagun, haur zein helduek sudurra izerditzeko aukera izango dute bihar, IX. Sudur Krosean. Egiako parkean egiten den lasterketak urteak zenbatzen jarraitzen du, beti ere, izaera parte hartzailea azpimarratuz. Donostiako Piratek antolatzeko ardura hartu zutenean izaera hori berretsi zuten, eta probari arnasa emateko jendearen babesa nahi dute. Antolakuntza taldeko kideak dira Naiara Vegar (Aiete, 1986) eta Iñigo Iturrioz (Ibaeta, 1986). Sudur motzak eta luzeak animatu nahi dituzte biharko lasterketan parte hartzera.
Berritasun nabarmenik ez du aurtengo Sudur Krosak, baina urtez urte eskaintza hobetzeko ahalegina egiten dute. Oraingoan, haurrentzako txoko bat jarriko dute parkean: «Egiako Haurtxokoko lagunak etorriko dira, eta umeekin egongo dira, margotzen eta jolasten», azaldu du Vegarrek. Helduen probako ibilbidea berdina izango da, baina parkeko bideetako batean moldaketa bat egin dutela konturatu dira:? «Hori sorpresa da, eta ikusi nahi duenak etor dadila parte hartzera».
Hiru kilometroko bi itzuli izango ditu helduen lasterketak, eta 17:00etan hasiko da. Haur jolasen parketik abiatu, eta parke osoa zeharkatuko du. Une batean ere parketik atera eta Loiolako Erriberako erreka albotik doa Loiola sarrerako biribilgune pareraino. Handik buelta parkera, eta bideko aldapa bihurriena gaindituta, hasierako puntura iritsiko dira lasterkariak. Esan bezala, bi aldiz egin beharko dute.
Lasterketak ez du lehiakortasuna sustatzen, parte hartzaileek ondo pasatzea da antolatzaileen helburua. Dena dela, beti daude proba kirol ikuspegitik egin nahi dutenak. «Lehiakideak nahi dituenak topatuko ditu. Aldiz, lasterketa ondo egin nahi duenak indarrak gorde beharko ditu lehen itzulian», esan du Iturriozek. Berak parte hartzeko asmoa du, baina beste urte batzuekin alderatuta lasai antzean egingo du.
Sudur Krosa txikia ordubete lehenago izango da, 16:00etan. Urtetik urtera gero eta gehiago dira parte hartzen duten umeak. 0 eta 12 urte bitartekoentzako ibilbide aukera desberdinak daude. «Urtebeteko haurrek gurasoekin parte hartzen dute, eta polita da hori ikustea», nabarmendu du Iturriozek. Txikienetik helduenera bitarteko tarte handia dago parte hartzaileen artean. Izan ere, 60 urtetik gorakoek ere parte hartu izan dutelako.
Izena emateko aukerak
Azken urteetan 100 pertsona baino gehiagok parte hartu dute helduen Sudur Krosean, eta kopuru horietara iristea gustatuko litzaieke antolatzaileei. Internet bidez eman daiteke izena Herri Krosaren webgunean, zazpi euroren truke: www.herrikrosa.eus. Dena dela, bihar bertan ere izena emateko aukera egongo da parkean, 15:00etatik aurrera.
Urtero moduan, azken unera arte askok ez dute izena ematen, eta horrek kezka pixka bat sortzen die antolatzaileek. «Nahiz eta zalantza hori izan, baikorrak izateko arrazoi ugari ditugu. Eguraldi ona dago iragarrita eta proposamen paregabea da korrika egiteko, edo besterik gabe parkera etortzeko. Giro polita sortzen da», esan du Vegarrek.
Lasterketan parte hartzen dutenek Egiako kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute. Ondoren, sari banaketa eta zozketak egingo dituzte parkean Donostiako Piratek. Bukatzeko, berriz, janaria eta edaria jarriko dute Sudur Krosera hurbiltzen direnek.