"Urteurren gisa ospatzea ez dago gaizki, noski, baina gure lana urteko beste 364 egunetan egiten dugu ere"
Dario Malventi, Kaxilda liburu denda
Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, urteroko liburu azoka egin dute gaur Gipuzkoa plazan, hainbat argitaletxe eta liburu dendetako postuekin. Dario Malventi italiarra Arroka plazako Kaxilda liburu dendako arduradunetako bat da, eta aurtengoa liburu azokan parte hartzen duten hirugarrena aldia dela dio. Kaxildan dauzkaten 7.000 liburuetatik 400 inguru ekarri dituzte gaur Gipuzkoa plazara. Gaurkoa egun berezia al da zuentzat? Ez asko. Guretzat hirian ematen den beste ekitaldi bat besterik ez da. Egun batzuetan zehar mantendu litekeen postu bat egun bakar baterako muntatzen dugu hemen urtero. Gure ustez, ekitaldiari ikusgarritasun handiagoa emateko hobe izango zen, adibidez, asteburuan zehar ere azoka ipini izatea. Urteurren bezala ospatzea ez dago gaizki, noski, baina gure lana urteko beste 364 egunetan egiten dugu ere. Zein liburu ari zara irakurtzen? Pepitas de calabaza argitaletxeak atera berri duen Un habitar más fuerte que la metrópoli liburua ari naiz irakurtzen. El consejo nocturno kolektiboak idatzi du eta komunitateari buruzko eztabaida interesgarri bat proposatzen da bertan. Egun bakarrean irakurri daiteke gainera, oso irakurketa arina duelako. Zein beste liburu gomendatuko zenuke? Corsino Velaren Anotaciones a la sociedad implosiva. Traficantes de sueños argitaletxeak atera zuen eta duela hilabete bat aurkeztu genuen Kaxildan. Kataluniako gatazkaren analisi bat egiten du, gizarte kapitalistaren kritika bat eginez eta populismoak gaur egun duen eragina aztertuz. Bertara hurbilduko direnek zer topatuko dute Kaxildaren postuan? Argitaletxe alternatiboek argitaratutako liburu sorta zabala topatuko dute. Beste liburu dendetan ikusgarritasun urria izango dutenak, alegia, eta antzinako zein egungo egoeraz egiten duten analisi sozial eta politikoarengatik garrantzitsuak direnak.