"Egun berezia da liburu saltzaileentzat, gremioko kideoi biltzeko aukera eskaintzen digulako"
Adolfo Lopez, Zubieta liburu-denda
Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, urteroko liburu azoka egin dute gaur Gipuzkoa plazan, hainbat argitaletxe eta liburu dendetako postuekin. Adolfo Lopez Errege-Erregina Katolikoen kalean kokaturiko Zubieta liburu-dendaren arduradunetariko bat da, eta liburu azoka gogotsu itxaroten zebilela aitortzen du. Gaurkoa egun berezia al da zuentzat? Noski. Egun berezia da guretzat, salmentez gain, horrelako egunek gremioko kideak biltzeko aukera eskaintzen dutelako. Liburuak eta kultura ikustarazteko egun aproposa da. Zein liburu ari zara irakurtzen? Luisa Etxenike idazle donostiarraren liburu bat. Zein beste liburu gomendatuko zenuke? Pila bat. Baina, aukera behar badut, yidis literaturan klasiko bilakatu den Las aguas de Manhatan gomendatuko nuke. Charkes Reznikoffen liburua da, eta familia juduek 30. hamarkadan AEBetara iristean bizitzen zuten egoera islatzen da bertan. Bertara hurbilduko direnek zer topatuko dute Zubieta liburu-dendaren postuan? Pertsonalitatea duten liburuak. Argitaletxe independenteak eta berreskuraturiko egileak ikustaraztea bilatzen dugu. Liburu-dendetan erraztasunez topatzen ez diren liburuak eskaini ohi ditugu.