Ekainaren 2an egingo dute AB Krosa
Bosgarren urtez jarraian egingo dute aurten AB Krosa ekainaren 2an. Amara berriko Berritxu euskara batzordeak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa herrikoia da AB Krosa eta Sudur Krosari erreleboa hartuta gogotsu datozela azaldu dute antolatzaileek.
Lasterketaz gain, aurten ere haurrentzako jolasak eta haurren korrikaldia egingo dituzte, eta lasterketaren ostean kontzertu bat ere egongo dela iragarri dute. Festa gunea, urtero moduan, Probestu plazan egongo da.
Aurtengo berrikuntzen artean, lasterketaren hasiera dago; Isabel II.na kaletik abiatuko dira. Lasterketan parte hartzeko bi aukera egongo dira: 3 kilometroko ibilbidea eta 6 kilometrokoa. Bestalde, antolatzaileek azaldu dute maiatzean zehar elkartuko direla entrenamendu herrikoiak egiteko.