Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia. (Argazkia: I. Esnaola)
Donostiako Udaleko Hirigintza sailak eraikuntza irekiko etxebizitza eraikin bat egin nahi du Martuteneko gasolindegia kentzen denean. Mendiburuko zerbitzugunea auzoko pasealekuko 89. zenbakian dago. Gasolindegiaren ordez sei solairuko eta hamalau bat etxebizitzako eraikina egingo dute. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak proiektuaren xehetasunak eman ditu prentsaurreko baten bidez.
“Gasolindegia kentzearen aldeko 300 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten bizilagunek udaleko erregistroan, pasa den ostiralean”, azaldu du Ramosek. Era berean, zerbitzugunea kentzeko arrazoiak hainbat direla gaineratu du. “Besteak beste, ikastetxe batetik oso hurbil dago, toki horretan zerbitzugune bat egotea ez da erabilgarria, eta gainera auzotarrek kentzeko eskatu dute”.
Proiektua aurrera eramateko beharrezkoa da Hirigintza Plan Orokorra ezohiko eran aldatzea. Horrek gasolindegia dagoen tokiko esparruak dituen 146.865 metro karratuetatik 1.824 metrori eragingo die. “Eremuaren erabilera industriala aldatu behar da, egoitza erabilera izan dezan. Bestalde, lursailaren zati bat sailkatu beharko da Gune Berdeen eta Espazio Libreen Sistema Orokorren udal sarera bideratzeko”, esan du Ramosek. Plan Orokorra aldatzeko beharrezkoa da udalbatzarrean onartzea proiektua. Prozesuak bederatzi hilabete iraun dezakeela adierazi du zinegotziak.
Sei solairuko etxebizitza eraikinaren banaketa librea izango da, eta sustatzaileak zehaztu beharko du. Garajeak eta aparkalekuak izango ditu, eta sestra azpian partzela osoa solairu bakarrean okupatuko da. Bestalde, etxebizitzen eraikina barnealdera mugituko da, eta azken solairua atzealdera mugituko dute iparraldean dauden etxebizitza mugakideek argi naturala jaso dezaten. Hegoaldean hiri esparru libre komuna utziko da.
Etxebizitza eraikinaren infografia.