(Argazkia: Estibaus)
Miguel Angel Zapirain hil zen igande iluntzean, ezustean, eta argi dago hutsune itzela utziko duela Herreran zein Altzan. Tarin ezizenarekin ezaguna zen guztien artean, eta Altzako bizimoduan pertsona gakoetako bat izan dela diote.
Herrerako egunerokoan oso ezaguna zen, saltsa guztietan sartua ibiltzen baitzen, auzoaren hobekuntzengatik lanean beti. Auzoko lorpen handi guztietan parte hartu zuen azken urteetan, eta asko maite zuten inguruko guztiek.
Parte hartu zuen maiz Altzako bizilagunen elkarteetako erabakietan. Herrerako auzo elkartean aritu zen bereziki lanean, baina gainontzekoetan ere beti ibiltzen zen laguntzen. Mugimendu politiko eta sozialetan ere asko bustitzen zela diote, eta komunitatea sortzea zela bere helburua. Herrera Kirol Elkarteko presidentea izan zen urte askoan. Gizonezko bazkideekin bakarrik jaio zen elkartea, eta eta 1980ko hamarkadan aldaketa sakona izan zen emakumeak ere sartzea. Berak bereziki aldaketa hurea asko bultzatu zuela diote.
Askok oroituko dute areto futbol txapelketan, Mozkor Frentekideok taldeak antolatutako pilota partidetan, jaietan… izan ere, jaiak antolatzen aritzen bazen ere, parrandarako ere lehena izaten zen. Pertsona oso alaia zen, eta saltseroa.