Indarkeria matxistaren aurka kalera atera dira
Joan den ostiralean gizonezko batek Gasteizen ama-alabak hil zituela salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Bulebarrean, Eraso sexisten aurrean elkartasun feminista lelopean. Indarkeria sexista lehen mailako arazo politiko bezala hartu, eta sistema sexistari aurre egiteko benetako neurriak hartzeko eskatu dute.
Gizonezkoa atxilotu egin dute. Epaitegiak jakinarazitako autoaren arabera, gizonak uko egin dio deklaratzeari, baina epaileak nahiko zantzu ikusi du bi hilketak leporatzeko. Gainera, hildako emakumearekin zituen umeekin ezingo du harremanik izan.
Epailearen kontakizunaren arabera, bikotekide ohia bizi zen etxera joan zen gizona ostiral goizean, eta han zegoen emakumearen ama ere. Labanaz eraso zien biei. Bikotekide ohia etxean bertan hil zen, eta ama, erietxean.
Hilketak egindako etxean bertan itxi zen gizona. Sua piztu zuen, eta ondoren salto egin zuen. Zortzigarren solairuan dago etxea. Suhiltzaileek koltxoneta bat jarria zuten ordurako, eta haren gainera jausi zen gizona. Zaurituta eraman zuten ospitalera, baina berehala eman zioten senda agiria.