'Fuenterrabia' kaleko izena euskaraz jartzeko eskatuko du EH Bilduk
Euskaltzaindiak 70eko hamarkadaren bukaeran finkatu, eta 1980an, udalak onartu zuen Hondarribia zela izen ofizial bakarra.
2014ko urriaren 30ean Donostiako Udalbatzak hiriko kale izendegia berritu zuen, eta bertan gaztelaniazko zein euskarazko –lehen aldiz– izenei ofizialtasuna eman zien. Urte hartan hasitako lanak 2017ko udaberrirako bukatu ez zituztenez, iazko apirilean eta irailean horren inguruan galdetu zion EH Bilduk udal gobernuari. Erantzun baikorra jaso arren, oraindik ere ekintza planarekin ez dutela bukatu esan du udal taldeak.
Hilabeteko udalbatzarra egingo dute bihar, eta EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du hiriko kale izendegiaren inguruan. Hain zuzen ere, izendegia euskaraz ere bere osotasunean jartzeko eskatuko dio udal gobernuari. Izan ere, Hondarribia kalearen izena ez da bere osotasunean zuzendu, eta oraindik Fuenterrabia izena topa daiteke kaleko karteltxoetan.