Satorralaiak gaur eskainitako prentsaurrekoa. (Argazkia: Satorralaia)
Donostiako topoaren obren ‘hedapen larriari’ indarrezko erantzuna emateko asmoz, Satorralaia bizilagun mugimenduak topoaren igarobidearen aurkako manifestazioa deitu du ekainaren 2rako. Pio Barojako kiroldegi alboko obran lurpeko zulaketa lanak hastear daudelarik, “egitasmoa atzera bueltarik gabekoa bihurtu nahian ari direla” salatzen dute elkartetik.
Herritarren partaidetzari, eztabaida publikoari eta herri galdeketa bat egiteko eskaera guztiei ezezkoa eman dietelarik, erakundeetatik proiektuak hirian pizten duen desadostasun zabala erdeinatu egin dutela diote elkarteko kideek, obra “era inposatzailean” abiatu dutela salatuz. Horregatik, topoaren egitasmoari eusten dioten alderdiek eta Eusko Jaurlaritzak “hiritarren presioa sentitu dezatela” bilatuko dute ekaineko manifestazioarekin.
Hiriko bizilagun eta eragile guztiei zabaldu diete mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena, topoaren igarobidearen aurkako erantzunari “bultzada berri bat” emateko asmoz. Hiru aldarri nagusi izango dituzte bertan:
- Obrak geldi daitezela.
- Obraren diru-partidak jendarteak une honetan dituen premia bizienak asetzera zuzendu daitezela.
- Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan informazio eta herritarren partaidetzan oinarritutako erabaki prozesu bat abian jar dadila.
Manifestazioaz gain, maiatzean zehar ere beste ekitaldi batzuk antolatu dituztela gogoratu dute Satorralaiatik:
- “Zer Metro?” bideoaren aurkezpena eta hedapena: Gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren hainbat pertsona ezagunek Metroaren pasantearen aurkako iritzia adierazten dute bideoan. Hiriko auzo guztietan bideoaren emanaldiak antolatzeko laguntza eskatzen dugu.
- Txosten tekniko baten hedapena: Azterketa-lan horrek Donostiako Metro-pasantearen eraikuntzari eman dioten lehentasuna auzitan jartzen du eta inbertsioak Topoaren eta EuskoTrenen egungo trenbideen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzera zuzendutako helburuetara bideratzea eskatzen du.
- Maiatzak 10 Osteguna: Mahai-ingurua “Garraio Publikoa eta Metroaren pasantea: Lehentasuna ala xahuketa?” gaiaren inguruan. Parte hartzaileak: Juan Ramon Ferrandis (Plataforma de Defensa del Ferrocarril erakundeko koordinatzaile eta CGTko kidea), Oskar Bordes (EuskoTreneko langilea, LAB sindikatua), Iosu Iribar (Dbus-eko KURPIL langileen elkarteko kidea) eta Ainhoa Elgezabal (TSST – Lurraldebuseko langilea) izango dira. Arratsaldeko 7etan “Karmelitas”en parrokiako zine aretoan (Pedro Egaña eta Easo kaleen izkiñan dago hori, EuskoTrenen Amarako geltokiaren ondoan).
- Maiatzak 12 Larunbata: Parodiazko “Bisita turistikoa” Metroaren pasanteak hiriaren erdialdean eragingo lituzkeen kalteak salatuz. Irteera eguerdiko 12etan Easo Plazako kioskotik.
- Maiatzak 21 Astelehena: Batzarra arratsaldeko 7etan Amarako eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).
- Dbus-en eta Topoan ekintza informatiboak.
- Maiatzak 26-27 asteburuan: Bizikleta Martxa eta kirol elkarteekin aldarrikapen ekintzak Antiguan.
- Maiatzak 29 Asteartea: 10 orduko enkartelada, ordu beteko txandak eginez eta talde sozial desberdinen parte hartzearekin