50 urte bete dira Ramon Saizarbitoriak bere lehen eleberria idatzi zuenetik
Orain dela 50 urte idatzi zuen Ramon Saizarbitoriak idazle donostiarrak bere lehen eleberria: Egunero hasten delako. 1968ko apirilaren 25ean bukatu zuen nobela Friburgon (Suitza) eta 1969an argitaratu zuen lehen aldiz.
Eleberriak Gisèle izeneko neska gaztearen bidaia eta gorabeherak kontatzen ditu, haurdun geratu ondoren abortatzeko asmoarekin. Hari nagusi horrekin batera, pertsonaia ezezagun baten etengabeko elkarrizketa garatzen da eleberrian zehar, lehenengo pertsonan, hirugarren pertsona bati zuzenduz baina erantzunik jaso gabe eta nolabait Gisèleren kontakizunarekin loturik dagoena. Abortua eta horren inguruko problematika pertsonal eta soziala dira eleberriaren gai nagusiak, baina maitasuna eta sexu harremanak, bakardadea, hezkuntza eta beste gizarte-gaiak ere lantzen dira. Euskal nobela modernoaren mugarrietako bat izan zela diote adituek, bere estilo berritzaileagatik eta lantzen zituen gaiengatik.