Argazkia: Donostiako Udala
Hiritarren mugikor zaharrak bildu eta horiekin Kongoko Errepublika Demokratikoan ekintza humanitarioak burutzeko proiektu bat aurkeztu du gaur Donostiako Udalak Alboan GKEarekin batera. “Mugikorrak Kongoren alde” deituko da kanpaina, eta hura aurrera eramateko, gailuak biltzeko 20 jasotze puntu jarriko ditu Udalak hiriko jabetza publikoko eraikinetan.
Bildutako mugikorrekin lortutako etekina herrialde horretako iheslari eta desplazatutako pertsonentzako hezkuntzarako aukera bihurtuko du Alboan elkarteak. Egitasmoa “Gatazkarik gabeko teknologia” ekimenaren baitan antolatu dute, Kongoko Errepublika Demokratikoko jendea laguntzeaz gain, teknologiarekiko dugun kontsumoak bertako herritarren eskubideen urraketan zuzeneko eragina duela salatzeko asmoarekin.
Hiriko honako puntu hauetan utzi ahal izango dira erabilpenik gabeko mugikorrak: Udaletxea, Goikoa jauregia, Urdaneta, Altza eta Morlanseko bulegoetan, Aieteko Bakearen Etxean, Emakumeen etxean, Udal Zerga Bilketa bulegoan, Suhiltzaileetan, Udaltzaingoan, Cristina Enean Ingurumen sailean, Aieteko Topalekuan eta auzo guztietako Gizarte Ekintzako bulegoetan.