Erakusketako irudia. (Argazkia: Oskar Moreno)
Tony Ray-Jones, Small Pleasures (Plazer txikiak) erakusketa ireki dute San Telmo Museoan. Hogeita hamar urte pasatxoko bizitza besterik ez zuen izan Ray-Jonesek (1941-1972), baina argazki ederrak utzi zituen, legatu ederra osatuz. Adituek diotenez, Ingalaterran mugarria izan zen 1960ko hamarkadan gaiak lantzeko izan zuen modua, kaleko argazkigintzaren bidez. Ekainaren 17a arte egongo da zabalik erakusketa; asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.
Ray-Jonesek diseinu grafikoa ikasi zuen London School of Printingen eta, ondoren, 1961ean, Yale unibertsitatean (Connecticut, AEB). Berehala sartu zen argazkilari gazteen talde bateko kide; Design Club-ean hartzen zuten parte, Richard Avedonen estudioan. Han ematen zituen eskolak influentzia handiko eta nazioartean ohoratutako Alexey Brodovitch sormen-zuzendariak, eta hark sartu zion grina Cartier-Bresson, Brassai eta Atget-en lana aztertzeko. Ray-Jonesen trebeziek txundituta utzi zuten Brodovitch, eta kontratatu egin zuen
Sky aldizkariko sormen-zuzendariorde gisa lan egiteko, Manhattanen.
Ingalaterrara itzuli zen 1965ean, eta ikusi zuen aldaketa sozial garrantzitsuak ari zirela gertatzen bere herrialdean. Proiektu bati ekin zion, eraldatzear zeuden Ingalaterrako kulturaren eta gizartearen maila desberdinak dokumentatzeko asmoz. Bere umore onez beteriko argazkiek ez dute inor hotz uzten. Langile-klasekoa ez bazen ere, denbora asko igaro zuen langileekin bizitzen eta lan egiten, eta oso kritikoa izan zen gizarteko parekotasun ezarekin.
Tony Ray-Jones leuzemiaz hil zen 1972an. 1974an argitaratu zuten
A Day off: An English Journal izeneko bere liburua.