Gipuzkoako hondartzetarako sorosleak hautatzeko frogak egin dituzte Donostian
Gurutze Gorriak aurten ere hirian egin ditu Donostia, Orio, Zumaia, Deba eta Mutrikuko hondartzetan sorosle lanak egiteko hautaketa frogak. Guztira 177 pertsonek parte hartu dute, horietatik %85 izan dira gizonak eta %15 emakumeak. Sorosle postuetarako 93 pertsona aukeratuko dituzte.
Bi froga egin behar izan dituzte parte hartzaileek: teorikoa Aquariumean eta praktikoa Donostiako badian. Sorosle hautagaiek 1.600 metro inguru egin dituzte igerian, eta 1.800 metro korrika. Kaiaren irteeratik Santa Klara uhartera joan dira, eta handik Ondarretaraino. Hondartzatik korrika joan behar izan dute Kontxako hondartza hasierara, udaletxe ondora, eta hortik igerian berriz ere kaira. Zati fisikoekin bukatzeko, salbamendu frogak egin dituzte Gurutze Gorriaren egoitzaren alboan.
Donostiako ELA sindikatuak adierazi duenez, Gurutze Gorriak hondartzetarako azpikontratatzen dituzten langileak “antolatzen” hasi dira, “dituzten lan baldintza negargarriekin bukatzeko”.