Euskal derbi hotz baten kronika
Azken urteetan beherakada nabarmena izan dute Realaren eta Athleticen arteko euskal derbiek, Anoetan. Joera horri gehituz gero bi futbol taldeek daramaten denboraldi apala, gaurko partida hotzagoa izan da. Eguraldi kaskarrak eta are ordutegi kaskarragoak ere –16:15ean hasi da neurketa– ez dute lagundu.
Euskal derbietako giroa ez da nabaritu hirian. Parte Zaharreko Fermin Calbeton kalera bi taldeetako zale gutxi joan dira partidua berotzera. Ibili direnak lasai egon dira, eta zaletasuna konpartituz. Anoeta inguruan gehiago elkartu dira, baina zale txuri urdinen presentzia nabariagoarekin. Athleticeko jarraitzaile oso gutxi etorri dira Donostiara, eta gutxi horiek Anoetako harmailetan topatzea ez da erraza izan. Halere, zale asko bildu dira estadioan.
Kirol ikuspegiari dagokionez, txuri urdinek derbia irabazteko maila hobea erakutsi dute, eta horrela 3 eta 1 gainditu dute talde zurigorria. Neurketa grisa eta trabatua izan da, futbol maila gutxikoa eta hotza. Hori bai, Iñigo Martinez Realeko jokalari ohia protagonista izan da, txuri urdinek eskainitako txistuengatik.