Sergio Canales eta Carlos Martinez Zubietako entrenamendu batean. (Argazkia: Reala)
Denboraldi amaiera berezia izango du Realak maiatzean. Izan ere, Xabi Prieto kapitainaz gain, taldeko beste bi ikur garrantzitsuk esango diote agur Realari datozen asteetan: Carlos Martinez eta Sergio Canalesek, alegia.
Realean 18 urte eta lehen taldean hamaika denboraldi igaro ondoren, Martinezek bere kontratua amaituko du ekainaren 30ean. Joseba Zalduaren etxerako buelta dela eta, Realeko zuzendaritzaren planetatik kanpo geratu da orain lodosarra, lesioez jositako azken urteen ondorioz hamaikakoan presentzia nabarmenki galdu duelarik. Izan ere, atzelariak 16 hilabete daramatza ligan jokatu gabe, 2016ko abenduan Granadaren aurkako neurketan lesionatu zenetik. Hala ere, egun jasaten ari den pubis arazoetatik berreskuratzeko gogor dabil lanean Martinez, zaleei datozen jardunaldietan agurra zelaitik zuzentzeko helburuarekin. Taldearekin 209 partida jokatu ditu oraingoz nafarrak.
Canalesek, bere aldetik, Sevillarako bidea hartuko du datozen hiru denboraldietan zehar Betisen jokatzeko. Kantabriarrak bost denboraldi eman ditu guztira Realean, eta taldeari lotzen zion kontratua amaituta utziko du ere Donostia. Erdilariak 157 neurketa jokatu eta hamaika gol sartu ditu momentuz Realarekin.