Aurtengo Olatu Talka jaialdiaren aurkezpena. (Argazkia: Donostia Kultura)
Europako Kultur Hiriburuaren Legatuaren hainbat jarduera aurrera eramateko, 2017an
milioi bat euroko inbertsioa egin zuen
Donostia 2016 Fundazioak. Diru hori fundazioa osatzen duten hiru erakundeek jarri dute; Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. 2018an ere egitasmoak diruz laguntzen jarraitzeko asmoa dute.
Udalak Legatuak aurreikusitako hainbat proiektu elkarte eta erakunde desberdinekin garatzen jarraitzen duela esan du Eneko Goia alkateak. Legatuaren beste proiektu batzuk udalak bere gain hartu dituela gogorarazi du. Esaterako,
Olatu Talka jaialdia. Aurten maiatzaren 25etik 27ra izango da, eta Donostia Kulturaren aurrekontutik finantzatuko da.
Horrez gain, Maider Lopez artistaren
Iturriak proiektua babesten jarraituko udalak, baina erakusketa beste leku batera eramateko asmoa dute. Izan ere, Ondarretako lorategiek duten babes maila dela eta, erakusketa bertan mantentzeak arazoak sortu ditzakeela esan du Goiak.
San Telmo Museoarekin lankidetzan, udalak beste bi proiektu garantzen lagundu du:
Zurekin Donostia sortzen dugu eta
Europako elkarrizketak. Bestalde, Donostia Kulturak ondorengo proiektuak babesten jarraituko du:
Mugaz gaindiko Koreografia zentroa, Miarritzeko Malandain Baletarekin batera;
Kimu Euskal Kulturen Elkargoarekin batera, beste hiru urtez lankidetza luzatuta; eta
Glad is the day jaialdia, aurten ere egingo dutena.