Bidebieta, eraldaketa baten historia
Espainiako gerra bukatu zenetik 25 urte bete zirela ospatzeko La Paz izeneko poligonoa inauguratu zuen 1967an Francisco Franco diktadoreak, Bidebietan. Ordutik 50 urte pasa ziren, iaz. Gipuzkoan, guztira, 15 poligono inauguratu zituzten izen berarekin. Frankismoren propaganda egiteko baliatu zituzten poligonoen eta etxebizitzen inaugurazio horiek. Horrela, Bidebieta izatetik La Paz izatera igaro zen urte batzuetan. Nahiz eta bizilagunek laster egin zioten uko “inposatutako” izen horri eta lehenagotik auzoak zuen Bidebieta izena errekuperatu zuten.
Ez dira alferrik pasa urteak auzoan, eta atzera begira jartzea besterik ez dago hortaz ohartzeko. Urte luzez nekazaritza eremua izan zena, industriagune bihurtu, eta auzoa ikaragarri eraldatu zen. Mende erdi beranduago, gutxi geratzen da behin izan zen Bidebieta hartatik.
IRUTXULOKO HITZAk auzoaren inguruko erreportaje zabala argitaratuko du ostiralean. 50 urte atzera egin eta lekuko ezberdinen eskutik historia jasotzeaz gain, aurrera begira ere jarri gara.