(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Denboraldia ezin hobeto hasi zuen Onditz Urruzmendik (Igeldo, 1996). Euskaldun txapelketako lehen proba irabazi zuen, Zumaian, esprintean azkarra dela erakutsita. “Afizionatu mailako lasterketetan ez dut aukera askorik izaten, eta irabazteko asmoarekin lehiatu nintzen”. Izan ere, euskal proben egutegian lasterketa gutxi daude txirrindulari azkarrentzako aproposak direnak. IRUTXULOKO HITZAk Urruzmendirekin hitz egiteko aukera izan du, eta biharko astekarian osorik irakurri ahal izango da elkarrizketa.
Duranan zazpigarren egin zuen duela bi asteburu, eta bigarren garaipenaren bila dabil. “Nik Nafarroako Itzulia dut buruan. Atariko erlojuaren kontrako batekin hasten da, eta hurrengo eguneko etapa laua da. Horri begira nago. Lehiatu eta emaitza ona lortzea gustatuko litzaidake”.
Donosti Berri Txirrindulari Eskolan hazi, eta gaur egun, Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldeko kidea da. “Nire ezaugarri onena esprinta da; aurten ondo ikusten dut neure burua, sasoian eta indartsu. Ondo nagoenean aldapa gora ere ez naiz gaizki moldatzen”, azaldu du Urruzmendik.
Laugarren urtea du afizionatu mailan, eta bere ustez, azkena izango da. “Aurten gozatzen ari naiz, baina uste dut afizionatu mailan ez dudala beste urtebete jarraituko”.