Zinemaldiak sortuko duen artxiboaren aurkezpena. (Argazkia: Donostiako Zinemaldia)
Donostiako Zinemaldiak bere artxiboa katalogatzeari ekingo dio gaurtik aurrera, 2022an, bere 70. urteurrenarekin batera, publikoari irekita egongo den “artxibo bizia” plazaratzeko. ‘Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak’ izenpean, Elias Querejeta Zine Eskola, Tabakalera eta Euskadiko Filmategiarekin batera sortutako proiektu honek zinema jaialdiaren artxiboa hiritarrei gerturatzea du helburu. Urteurrenaren “proiektu izarra” izango dela adierazi dute bere arduradunek.
Zinemaldiak gaur egun Martuteneko gordailuan dituen artxiboak Tabakalerako Ubik liburutegira eramango dituzte datozen urteetan zehar, dokumentuen kontserbazioa eta ikusgarritasuna bermatuz. Proiektuaren lehen fasea 2022an amaituko den arren, urtez urte artxiboarekin erlazionaturiko ekitaldi eta zerbitzuak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute jaialditik. Zentzu horretan, etorkizunean hiritarrei Zinemaldiari buruzko dokumentuak bidaltzeko deialdia zabalduko zaiela jakinarazi dute ere.