Ehun lagun inguru igaro ziren elkartearen egoitzatik. (Argazkia: Amara Berri Auzo Elkartea)
Amara Berri auzo elkartea lanean ari da Hiritar Partaidetzaren Proiektuan. Horrela, jardunaldi irekia antolatu zuen joan den apirilaren 28an. Auzoan egiten duten lana ezagutzera eman zuten elkartearen egoitzan, eta bi orduko tartean ehun lagun inguru igaro ziren. Auzotarrak norbanako gisa edo familian igaro ziren egoitzatik, baina hainbat elkarteetako kideak ere joan ziren, baita ordezkari politikoak ere. Iñaki Olasagasti auzo elkarteko presidenteak egin zituen aurkezpen lanak, eta oso giro onean egon zirela diote.
Auzotarrekin ideiak partekatu eta ekarpenak jasotzeko balio izan zien egunak. Ondoren, iradokizun horiek landu eta udalera bideratuko dituzte, euren beharren berri emateko. Gainera, auzotarrei elkartean parte hartzeko deia luzatu zieten, eta sei lagun gehiago lortu dituzte elkartearen parte izateko. Bukatzeko, elkartu zirenei hamaiketako txiki bat eskaini zieten.
Orain artekoa gutxi balitz, lortutako posta elektronikoen bidez, hilabetean behin informazio buletin bat bidaliko diete auzotarrei, hainbat gai zein egoeratan dauden jakin dezaten. Orain arte auzoan ibili dira elkartearen berri ematen, informazio mahaiak jarrita. Orain, webgunea berritzea dute helburuen artean.
Amara Osinaga auzoaren sorrerarekin jaio zen auzo elkartea, duela 20 urte baino gehiago. Horrela, 20.000 bizilagunengana iristea dute helburu.