Iazko sarituak, udaletxean.
Baditu irabazleak 29. Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketak, eta sari-emate ekitaldia egingo dute, larunbatean, 12:00etan, udaletxeko Udalbatza Aretoan. Protagonismo berezia emango diete irabazleei eta haien lanei; horretarako, iragarri dute musika, bertso eta ezustekoz beteriko ekitaldian egingo dutela. Ekitaldira joateko, komeni da aldez aurretik Euskara Zerbitzura deitzea lekua gordetzeko, aretoak leku mugatua baitu.
Guztira, epaimahaiak 21 haur eta gazteren lanak sarituko ditu, eta kultura eta teknologiarekin zerikusia duten opariak jasoko dituzte. Gainera, badira beste 40 lan saria jasotzetik oso gertu egon direnak, eta lan horien egileei diploma bana emango diete. Guztira, 1.118 lan jaso dituzte lehiaketan, guztiak ere Donostian bizi edota ikasten duten 8-18 urte arteko haur eta gazteenak. Bost modalitate egon dira: komikia, olerkia, ipuina, mikroipuina eta bertsoa.
Epaimahaia sei kidek osatu dute: Iñaki Martinarena
Mattin marrazkilaria eta komiki egilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak.