
Aurtengo lehen hiruhilekoan hiriko alokairuen prezioak inoizko daturik altuena eman duela azpimarratu du EH Bilduren udal taldeak.
Idealista atariaren arabera,
14,6 euro balio ditu egun metro koadroak Donostian; urtarrilean baino %3,7 gehiago eta iazko martxoan baino %5,9 gehiago. “Eneko Goia alkatea denetik %25 igo da alokairua hirian”.
Adibide bat jarri dute egoera azaltzeko: “90 metro koadroko etxebizitza batean alokairuan bizitzeko, 1.314 euro ordaindu behar dira, batez beste; urtarrilean baino 45 euro gehiago”. Prezio horiek jende arruntaren eskura ez daudela gaineratu dute, eta horrek eragin zuzena duela donostiarre bizi kalitatean. “Etengabeko igoeraren ondorioz, gero eta jende gehiagok hiritik kanpora joan behar du bizitzera, eta hori larria da Donostiarentzako”.
Alokairuaren igoeraren atzean hainbat faktore daudela azpimarratu du EH Bilduk. “Alokairu turistikorako bideratzen diren etxebizitzak, krisi ekonomikoa baino lehenago alokairura bideratzen ziren etxebizitzak saltzen ari direla eta, hirugarrenik, inbertsiorako salerosten diren etxebizitzak daude”.
Egoeraren aurrean EAJ-PSE-EEren udal gobernuak duen jarrera salatu dute. “Beste alde batera begira daude, eta hartzen ari diren erabakiak kontrako norabidean doaz”. Pisu turistikoen ordenantza onartu zenean EH Bilduren udal taldeak adierazi zuen, araudi berriak alokairuaren prezioan “eragin negatiboa” izango duela. “Orain arte familiak bizitzeko edo ikasleentzat bideratzen ziren etxebizitza asko hemendik aurrera turismorako bideratu ahal izateko ateak ireki zizkion ordenantza berriak, jabeek etekin gehiago ateratzen dituztelako”.
Ordenantza berria abuztuaren 31 arte ez da indarrean sartuko, eta erabaki hori salatu dute. “Atzerapen honi esker Ordenantza berriarekin ere legez kanpokoak izango liratekeen zenbait pisu turistikok arazorik gabe bere jarduera ekonomikoarekin jarraituko dute uda pasa arte”.