Enrique Etxeburua psikologoarentzat da 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria
Enrique Etxeburua donostiarrak jasoko du 2017ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Psikologia Klinikoko katedraduna da Etxeburua, eta saria hari ematea erabaki du epaimahaiak, osatutakoa Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko bost ikerlarik hain zuzen. Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, telefonoz jakinarazi zion albistea sarituari. Euskadi Ikerkuntza Sariak Jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi gisa.
Etxeburua Donostian jaio zen 1951n. Psikologian doktore egin zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, 1978an; eta Euskal Herriko Unibertsitatean Psikologia Klinikoko katedraduna da, 1989tik.
Etxeburuaren lantaldeak diseinaturiko programak aplikatzen dira Euskadiko zentroetan, biktimak eta tratu txar emaileak artatzeko. Gainera, Bikote Barneko Indarkeria Arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, eta hori da gaur egun ofizialki Ertzaintzak erabiltzen duena.