Donostiako Euskaraldia eta Hamaikakoa aurkeztu dituzte
Euskal Herri mailan egingo den Euskaraldia egitasmoarekin bat egingo du Donostiak. Hiriko hainbat erakunde eta gizarte eragilek bat egin dute, eta guztien elkarlanaren bidez euskal hiztunak aktibatu nahi dituzte. Donostiako Euskaraldia eta Hamaikakoa aurkeztu dituzte gaur goizean, Tabakaleran.
Lehendabiziko Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte. Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.
Aurkezpenean, hainbat hizlarik parte hartu dute: Eneko Goia alkateak, Ane Loidi Bagera elkarteko lehendakariak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak eta Garazi Urrosolo auzoetako batzordeetako kideen ordezkariak. Era berean, Hamaikakoa osatzen duten bi kidek ere hartu dute hitza; Barbara Goenaga aktoreak ahobizien izenean eta Mariano Ferrer kazetariak belarripresten izenean.
Baina zer da Hamaikakoa?
Donostiako Hamaikakoa erreferentziazko herritarrek eta egitasmoan murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatzen dute; zenbait auzo, genero, adin eta alorretako pertsonen talde anitza da. Euskaraldiaren enbaxadore izango dira.
Ondorengo hamaika pertsonek osatzen dute: Miren Arrieta (aktorea), Barbara Goenaga (aktorea), Kontxu Uzkudun (moda diseinatzailea), Mariano Ferrer (kazetaria), Iñaki Salvador (musikaria), Josean Abecia (Altza Hadi batzordeko kidea), Garazi Urrosolo (Egiako euskara batzordeko kidea), Mikel Irazusta (herritarra), Xila Pihlstrom (euskal herritar eta suomitar kultur eragilea), Jokin Aperribai (Realeko presidentea) eta Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategiko zuzendaria).
Euskaraldia ariketa soziala da, eta hizkuntza ohiturak aldatu zein euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi –euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diena– edo belarriprest –euskaraz dakienari berarekin hitz egiteko gonbita egingo dion pertsona– gisa izena eman ahal izango dute udazkenean.