Xabi Prietoren irudia armarrian eramango du Realak larunbatean
Xabi Prieto Realeko jokalariak Anoetako azken partida jokatuko du larunbatean Leganesen aurka eta, kapitaina omentzeko, taldeak bere irudia eramango du kamisetako armarrian. Klubak adierazi duenaren arabera, Prietok Realaren ikurra beti eraman duenez, taldeari orain bere ikurra eramatea dagokio.
Jokalari historiko batek keinu historiko bat merezi duela adierazi du ere Realak, “Xabi Prietoren eredua ahalik eta urrutien iristeko”. Zentzu horretan, kapitaina larunbatean jokalari izatetik ‘mito’ izatera pasako dela gehitu dute klubetik. Txuri urdinekin partida gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria da Prieto, 530 neurketekin. Larunbateko partida 16:15ean izango da.