Film labur euskaldunak sustatzeko Kimuak programak 20 urte bete ditu ere aurten. Zinemagile donostiar ugariren lanak gurean zein nazioartean hedatzen eta ezagutarazten lagundu du.
Alejandro Tejerias, Marivi Bilbao eta Ramon Barea Eramos pocos (2005) filmaren irudi batean.
90eko hamarkadan bertako zinemagileek kalitate handiko film labur asko egin zituzten, baina euren eragina mugatua izan zen. Distribuzioa garestiegia zen beraientzat eta pelikula «mugitzeko» diru eta kemenik gabe gelditu ohi ziren egileak.
Bertako sortzaile horien lanak sustatu eta ezagutzera eramateko asmoz sortu zen Kimuak programa duela 20 urte. EAEn ekoiztutako zazpi film laburren aukeraketa bat egin ostean, hauek azpititulatu eta mundu osoko zinema jaialdietara bidaltzen ditu programak. Bere katalogoa urtero mila jaialdi baino gehiagotara bidaltzen du Kimuakek. Txema Muñoz eta Esther Cabero dira programaren arduradunak, eta harro esaten dute euskal film laburrak Ipar Korean zein Oscarretan egon daitezen lagundu dutela.
Beraien arabera, zinemagile gipuzkoarrak eta batez ere donostiarrak dira programan presentzia gehien dutenak. Kimuakek 1998an sortu zuen bere lehenengo katalogoa, eta bertan Koldo Almandozen lehenengo filma jaso zuen: Razielen itzulera. Kimuakentzako oso zinemagile garrantzitsua da Almandoz, 20 urte hauetan zehar programari oso lotuta egon den zinemagilea delako. Bere lehen pelikula horrek Zinemaldian parte hartu zuen, bertan film laburrek oraindik proiektatzen ez zirenean. Marian Fernandez Pascal ekoizleak partu hartu zuen ere bertan. Izan ere, zuzendariez gain, 20 urte hauetan zehar gaur egun garrantzi handia duten ekoizle asko igaro dira ere Kimuaketik. Horrek lurraldean sare industrial txiki bat garatzen lagundu duela uste dute Muñozek eta Caberok.
Pare bat urtera Pablo Maloren Jardines deshabitados (2000) aurkeztu zuen Kimuakek. Film honetan Unax Ugalde, Marivi Bilbao eta Andoni Erburu agertzen ziren, besteak beste. Almandozen zine esperimentaletik urrun, Maloren lan hau produkziozko film bat izan zen. Estatu mailan sari ugari lortzeaz gain, pelikulak arrakasta handia izan zuen ere nazioartean, garai hartan Kimuaken distribuzioa oraindik beste herrialdeetara zabaltzen ez zuen arren.
Borja Cobeagaren La primera vez (2001) eta Eramos pocos (2005) iritsi ziren ondoren. Azken honek Oscar sarietara iristea lortu zuen. Almandozen modura, Cobeaga Kimuaki oso lotuta egon da ere, eta ekoizleekiko saretze prozesu horretan hartu du parte. Urteetan zehar, aktore, musikari eta teknikoz osaturiko ekipo berdinarekin jarraitu du lanean. Caberoren ustez, hemen, zuzendaritik harago, askotan ekipoak berak hartzen du garrantzia. Hori Loreak (2014) eta Handia (2017) ekoiztu dituen Donostiako Moriarty ekoiztetxearen kasuan errepikatzen da ere.
Luiso Berdejo zuzendariak eta Koldo Zuazo ekoizleak ere lotura handia izan dute ere Kimuakekin. Aurkeztu dituzten filmen artean Ya no puede caminar (2001) eta La guerra (2005) daude, besteak beste. Azken hau, Berdejoren estilo propioarekin, Kimuaketik pasa den film labur onenetariko bat dela uste du Muñozek.
Urte berean, Isabel Herguera zinemagileak La gallina ciega aurkeztu zuen. Zuzendari donostiarraren filmak animazio esperimentalean oinarritu dira beti. Bere film labur arrakastatsuenen artean Indian kokaturiko Amar (2010) filma nabarmentzen da. Herguera denbora luzez ibili da nazioartean irakasle gisa lanean, eta animazioaren munduan oso pertsona errespetatua bilakatu da. Almandozen Hubert Le Blon-en azken hegaldia (2013) lanean ere parte hartu zuen. Film hura euskal zinemagileen arteko elkarlan emankorraren adibide ugarietako bat da.