OSAGAIAK
– Patata
– Hirugiharra
– Oliba olioa
-Ekilore olioa
– Soja saltsa
– Ganbak
– Perrexila
PRESTAKETA
Hasteko, makilatxo bat hartu eta bertan hiru ganba eta hiru hirugihar zati jarriko ditugu, broxeta bat egiteko.
Ondoren, patata zuritu eta prestatu egin behar da patata pure bat egiteko. Horretarako, patatak moztu eta su txikian gozatuko ditugu zartaginean, oliba olioarekin. Mugitu egin behar da patata bigundu eta patata zati txikiak eta handiak geratu arte.
Broxeta eta patata purea prest daudenean, saltsa egiten hasiko gara. Horretarako, soja saltsa hartu eta potearen hiru laurdena jarriko dugu sutan, ekilore olioarekin batera. Ondoren, botila batean sartu eta nahastu egingo dugu.
Azkenik, pintxoaren aurkezpena egin behar da. Patatak jarriko ditugu azpian eta saltsa turrusta bat botako diogu; gero broxeta plantxan egin, saltsa bota eta pataten gainean jarri; bukatzeko, perrexila botako diogu pintxoari azken ukitua emateko.
Angel Barrios, Igela jatetxea
«Bezeroak inguruko lantegietako langileak dira»
2004ko urrian ireki zuten Igela jatetxea, Igaran. Ordutik lanean ari dira inguruko langileen tripa goxatzeko.
Lantegi artean dago Igela.
Bai, eta hori asko nabari da gure bezeroen profilean. Gehienak inguruko lantegietako langileak dira. Dena den, kanpotik ere etortzen da jendea, Antiguatik, bereziki.
Taberna eta jatetxea dituzue. Non ibiltzen da jende gehiago?
Bietan ibiltzen da jendea, orduaren arabera. Goizean gosariak ematen ditugu, ondoren, hamaiketakoa, eta, gero, bazkariak. Goizeko seiretan irekitzen dugu taberna eta gaueko bederatzietan itxi. Horrelakoa da gure lana: iristen lehenak eta joaten azkenak gara.
Batez ere langileak ibiltzen direla diozu. Asteburuetan nabarituko da aldea, ezta?
Ikaragarri. Asteburuetan lasai egoten gara; beste taberna eta jatetxeetan gertatzen denaren alderantzizkoa pasatzen da.
Badago jendeak bereziki gustuko duen platerik edo pintxorik?
Ez da erraza bakarra esatea. Garaiko produktuekin egiten dugu lan, eta menua aldatzen joaten gara. Gainera, gurean jendeak ez du esperimentatu nahi izaten, hori igandetan egiten dute. Hemen seguru gustatuko zaien zerbait aukeratzen dute, normalean. Entsaladetan, adibidez, perretxikoak eta oilaskoa daramatzana oso ondo saltzen da, eta pintxoetan gehien txorizoa daraman tortilla ogi artean eta patata tortilla.
Zein da negozioa ondo joateko sekretua?
Neurrizko prezioak jartzen ahalegintzen gara. Menuak 10,30 euro balio du, eta pintxoek 1,50 euro.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Morgan Kompany. Oso ondo ematen dute eta prezioz eta kalitatez ondo dago.