(Argazkia: Malen Aldalur)
Hainbat lagun elkartu eta Topoaren igarobidearen alternatiba izan nahi duen proposamena osatu dute. Txostena igorri diote Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS), eta hauek atzera bota dute.
Topoaren igarobidea izan zuten hizpide, asteazkenean, Kaxilda liburutegian. Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hainbat lagunek osatutako txostena aurkeztu zuen Jose Antonio Fernandez de Larrinoa matematikariak, eta, ondoren, bere iritzia azaldu zuen Oscar Bordes Euskotreneko langileak. Azken honek azaldu zuen “zaharkitua” dagoela egungo trenbide sarea eta ez duela zentzurik igarobidea egiteak: “Zertarako egin igarobidea? trenbide sareak baditu beste premia garrantzitsuago batzuk”.
Txostena Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzari igorri diete. Satorralaiako kideek diote txostenak argi uzten duela igarobidearen alternatiba posible dela. Hala ere, ez dute esperantza handirik. Eusko Jaurlaritzak proposamena atzera bota du, aurrekontu handiegia eskatzen duela iritzita. Bestalde, gaineratu dute dagoeneko abiatu dituztela lanak hiriko hainbat lekutan. Hori dela eta, hiriko “hedapen larriari” erantzuna eman nahi diote, eta manifestazioa egingo dute ekainaren 2an: “Pio Baroja kiroldegi alboko obran lurpeko zulaketa lanak hastear daudelarik, egitasmoa atzera bueltarik gabekoa bihurtu nahian ari direla uste dugu”.
Behin eta berriz salatu dute herritarren parte hartzeari, eztabaida publikoari eta herri galdeketa egiteko eskari guztiei ezekoa eman dietela: “Obra era inposatzailean abiatu dute eta metroaren egitasmoari eusten dioten alderdiek eta Eusko Jaurlaritzak herritarren presioa sentitzea nahi dugu”.
Hainbat eskari
Topoaren igarobidearen lanak aurrera doazen arren, alternatibak badaudela dio Satorralaiak, horregatik, ekainaren 2ko protestan parte hartzeko deia egi dute: “Obra gelditzeko, obraren diru partidak jendearen beharrak asetzera bideratzeko eta garraio publikoko eredu egokien inguruan informatu eta partaidetza prozesuak bultzatzeko”.
Jose Antonio Fernandezde Larrinoa, Matematikaria
«Nahi dutena lortzeko badaude beste alternatiba batzuk»
Matematikaria da Jose Antonio Fernandez de Larrinoa. Jakin-minak jota ikertzen hasi eta txosten bat aurkeztu du beste lagun batzuekin batera Topoaren igarobidearen maiztasuna eta segurtasuna hobetzeko alternatiba eman dute.
Nolatan hasi zinen alternatibak ikertzen?
Euskal Trenbide Sareko (ETS) kideek bizilagunekin biltzeko bilera irekiak egin zituzten urrian, azaroan eta abenduan. Haietan parte hartu nuen eta ETSko kideekin hartu emana edukitzeko aukera izan nuen. Hor hasi nintzen proiektuaren nondik norakoak ulertzen, eta konturatu nintzen lortu nahi dutena lortzeko badaudela beste alternatiba batzuk. Hori dela eta, ikertzen hasi nintzen.
Zer da zehazki proiektuan planteatzen duzuna?
Topoaren azpiegitura zaharkitua dago eta errail bakarrekoa da. Arazoa konpontzeko bi errail behar dira, horrela asko hobetuko litzateke zerbitzua. Horrelako azpiegitura bat mantentzeko berritzea ezinbestekoa da, bestela hil egiten da, eta niri ongi iruditzen zait inbertsio handi bat egitea, baina lehentasunak argi eduki behar dira. Errail bakarra edukitzea da gaur egun topoak duen arazorik handiena, oso bide luzeetan zehar errail bakarra dago eta bi errail, normalean, geltokietan egoten dira, soilik. Horregatik, ordutegiekin malabareak egin behar dira bi trenak batera iritsi daitezen. Gaur egungo sistema oso traketsa eta maiztasun gutxikoa da.
Eta zer proposatzen duzu?
Bi erraileko bideak egiten jarraitzea da irtenbidea bai ekialdera eta baita mendebaldera ere. Izan ere, gaur egun Zarautzera joateko trenen maiztasuna 30 minutukoa da eta hori gutxitu ahal izango litzateke bidea hobeto jarrita. Bide horretan, esaterako, 80 km/h abiaduran joaten da trena eta, berez, maximoa 90km/h da. Uste dut garrantzitsua dela lana hor egitea eta horrelako lekuetan minutuak irabazten joatea, eta ez hainbeste hiriaren erdialdean. Hasiera batean, hori egiten ari ziren Altza eta Herrera aldean, baina gero proiektua bertan behera geratu zen Topoaren igarobidearekin hasi zirenean.
Zergatik lehenetsi zuten igarobidea?
Horixe da ETSko langileei galdetu niena. Erantzun zidaten leku horretan soilik eduki zezakeela trenak zazpi minutu eta erdiko maiztasuna, eta hortik hasi nintzen lanean. Konturatu nintzen ez zela horrela. Izan ere, aldaketa batzuk eginda posible da inguruko herrietara trena maiztasun horrekin aritzea. Eusko Jaurlaritzak Easoko geltokiari botatzen dio erru guztia, han tren aldaketak egin behar direla eta, baina ez da horrela. Easoko geltokia igarobidea izan daiteke arazorik gabe, kontua da ibilbidearen amaiera dela kasu askotan, eta uste dut hori ez litzatekeela hala izan beharko. Bilbora begiratu besterik ez dago: Donostiatik Bilbora doan trena Matikora arte joaten da, ez da Bilbo erdian geratzen.Gainera, kontuan izan behar da Easoko geltokia gaur egun ere badela igarobidea Lasartetik Irunera doan jendearentzat. Hauek ez dira trenez aldatzen. Hori dela eta, uste dut gidariak aldatuko balira denbora gutxituko litzatekeela eta maiztasuna handitzeko aukera egongo litzatekeela. Hau da, trena iritsi orduko beste aldean gidari bat zain balego, minutu bat beharko luke trenak irteteko eta ez hiru, gaur egun bezala. Hala ere, hori ez da denbora gutxitzeko aukera bakarra.
Zein aukera gehiago daude?
Pilo bat. Esaterako, Belaskoenean bigarren errail bat jarrita, Irunerako maiztasuna zazpi minutu eta erdikoa litzateke. ETSko arduradunari galdetu nion, eta esan zidan obraren kostua 4 milioi ingurukoa izango zela. Bestalde, garrantzitsua litzateke ekialdeko eta mendebaldeko ordutegiak koordinatzea, eta horretarako Lasarteko trenen irteera ordua lau minutu atzeratzea nahikoa litzateke. Kontua da, aukera mordoa dagoela.
Topo igarobidearen aurka zaude?
Ni ez nago ezeren aurka. Baina uste dut lehentasun kontua dela. Ez dakit igarobidea egin behar den edo ez, hori aurrerago ikusiko da. Baina ziur nago oraindik ez dela hori eztabaidatzeko ordua, aurretik badago zeregina, eta, noski, baita zer hobetua ere.
Uste duzu zure proposamenak irtenbiderik eduki dezakeela?
Ez. Eusko Jaurlaritzatik erantzun zidaten esanez, ordenagailu batek dioenez, nire proposamena ez dela bideragarria. Hala ere, kontuan eduki behar da ordenagailu bera dela etorkizunean Topoaren igarobideak izango dituen ustezko bidaiarien zifra etengabe aldatzen duena.