Udaberri festa berezia egingo dute Igeldon, asteburu honetan
Igeldoko Udaberri jaia egingo dute bihar, etzi eta hurrengo asteartean. Urtero San Isidro egunaren harira egin ohi duten festa da, baina aurtengoa berezia izango dela adierazi dute. Igeldoko Kooperatibak denda bat jartzeko asmoa du, eta jaia proiektu berria aurkezteko aprobetxatuko dute.
Baserritarrak omentzeaz gain, Igeldoko haur, gazte zein helduei zuzendutako egitaraua prestatu dute. Bihar, hilak 12, hainbat jarduera antolatu dituzte. Igeldoko Kooperatibako proiektuaren antzeko ereduak aztertuz hitzaldia eskainiko dute kultur etxean, 18:00etan.
Ondoren, Igeldoko Lezkarri eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzen emanaldia egongo da, Eskolako aretoan (19:30). Eguna biribiltzeko, barrikotea egingo dute sindikatuan, eta ondoren Itziar Zamoraren kantaldia izango da (21:00).
Igandean, hilak 13, lore, landare, zuhaitz, zuhaixka, barazki eta landare azoka egingo dute plazan, 10:30ean. Gazta eta ardo dastaketa, bertako produktuak, baserriko tresnak, argazkiak zein dekorazioa, eta sindikatuko proiektuaren txokoa izango da jarraian sindikatuan (11:00). Azkenik, oilasko errea parrilan egingo dute plazan 13:30ean, eta ostean, Ester DJ izango da plazan (16:00).
Asteartean, maiatzak 15, San Isidro eguna ospatuko dute Igeldon. Toka txapelketa egingo dute 19:30ean, eta sari-banaketaren ondoren, afaria egingo dute Txapela tabernan. Alkorta anai-arrebek jarriko dute giroa trikitia eta panderoarekin.



