Haizearen Orrazia.
Donostiako Udalak irtenbide bat probatuko du Haizearen Orraziko irisgarritasuna hobetzeko. Txillida eta Peña Gantxegi familiekin adostasun batera iritsi da udala, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak esan duenez.
Hasiera batean, 10 metro koadroko azaleran egingo dute lehen saiakera. Harbideen hutsuneak bete eta harrien goiko aldea leunduko dute. Gurpildun aulkiek aurrera egiteko aukera izatea da helburua. Saiakerak harrera ona izaten badu, eskulturak dauden lekuraino aplikatuko lukete.
Irtenbidea “proportzionala” dela esan du Eneko Goia alkateak. “Egun gutxi barru hasiko dira harbidea leuntzen. Eskulturen multzoa errespetatuko du, eta irisgarritasuna bermatu”.
Elkartu Gipuzkoako Elbarritasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailearen aspaldiko eskaera da Haizearen Orraziaren irisgarritasuna hobetzea. Hainbatetan bildu dira udalarekin, eta bi proposamen aurkeztu zizkieten: kristalezko pasabide bat jartzea edo harbideko harriei buelta ematea. Azkenik, erdibideko zerbait egingo du udalak.