
Danborradaren berri eman diete ikasle frantsesei, erakustaldi eta guzti. (Argazkia: Lauaizeta ikastola)
Lauaizeta institutua parte hartzen ari da Erasmus+ proiektuan, eta horren baitan trukea egin dute Frantziako Sartrouville hiriko ikasle batzuekin, Lycee Evariste Galois ikastetxekoak, hain zuzen. Donostiara etorri dira frantsesak, egun batzuk elkarrekin pasatzeko aukera izaten ari dira hainbat jarduera egin dituzte elkarrekin. Zehazki, Lauaizetako 3. eta 4. DBHko ikasleak dira.
Udaletxea ezagutzeko aukera izan zuten joan den ostiralean, eta Aitziber San Roman zinegotziak harrera egin zien.
Euskal kultura zabalduz
Sartrouvilleko ikasleek Lauaizeta ikastetxea bisitatu zuten astelehenean, eta lantegien bidez ezagutu zituzten euskara, euskal geografia, euskal dantzak eta euskal musika. Ondoren, maiatzaren 25ean, Europear eguna ospatuko dute Lycee Evariste Galois-en, han erakutsiko dituzte hemen ikasi eta grabatu dituzten bideoak, euskal kultura zabaltzeko.
Donostiako ikasleak Frantziako eskolan egon ziren martxoan, eta haiek ere aste bat igaro zuten han. Trukearen helburu nagusiak dira frantseseko ikasleak motibatzea, beraien konpetentzia linguistikoa hobetzea, komunikazio estrategiak bereganatzea eta beste bizimodu eta kultura bat ezagutzea.