Sagueserako Astigarraga y Lasarte Arquitectos enpresak egindako proiektua, 2005ean.
Hiri Antolamendurako
Plan Orokorrak Saguesen hotel bat eraikitzea aurreikusten duela ohartarazi du Uliako auzo elkarteak. Bost izarrekoa, sei solairukoa eta 22 metroko altuerakoa izango litzateke. Gainera, itsasertzetik 20 bat metrora egongo litzateke. Hori dela eta, auzo elkarteak Plan Orokorra aldatu eta hotelaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dio udal gobernuari.
EAJ, PSE-EE eta PPren udal taldeek Sagueseko Tomas Alba zelaigunea pribatizatu nahi dutela salatu dute auzo elkartetik. Hotelaren proiektua aurrera eramaten bada, zelaigunean antolatzen diren ekitaldiak ezin izango dira bertan egin. Gaineratu dutenez, 2010. urtetik Groseko ia eragile guztiek eta ehunka pertsonek hotelaren proiektuaren kontra egin dute.
Udalak ez du asmorik
Eneko Goia alkateak iazko azaroan esan zuen udalak ez duela Saguesen hotela egitea aurreikusten. Dena dela, Plan Orokorra zentzu horretan aldatzeko jarrerarik ez dute erakutsi. Horrez gain, iazko udan EHUko Arkitektura Eskolarekin harremanetan jarri ziren Sagueseko eremuaren hausnarketa bat egiteko. Eskolak dekalago bat aurkeztu zuen, eta bertan diotenaren arabera, Sagueseko ingurua “naturalizatu” eta eraikin berriak eraikitzea baztertu behar da.
2003an Odon Elorza alkate ohiak Sagueseko eremuarekin zer egin erabakitzeko deialdi bat egin zuen udalak proiektuak jasotzeko. Horietatik bost aukeratu eta San Telmo Museoan erakutsi zituzten. Irudikoa da Astigarraga y Lasarte Arquitectos enpresak aurkezturikoa. Prisma itxurako hotela da, talasoterapia batekin.