Santa Teresa komentua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eusko Jaurlaritzak erabaki du Santa Teresa komentuan sortzea Euskadiko Arkitektura Garaikideko Institutua. Hain zuzen, lankidetza-hitzarmena sinatu du Gobernu Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Horrela bada, Parte Zaharreko bizilagunen eskaera bertan behera geratu da, eraikin horri Orixe ikastolari bideratzeko. Guraso elkarteak «ezinegona» adierazi zuen bizitako prozesuan, izan ere, euren esanetan, hezkuntza zentro publikoak espazio premia handia du, eta konponbiderako aukera bakarrenetakoa zen komentua.
Edonola, Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak konpromisoa hartu du institutua sortzeko, egokitzapen-gastuak bere gain hartzeko eta jardueretarako jartzeko baliabide teknikoak, materialak eta giza baliabideak. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Santa Teresa komentuaren eraikineko espazioak jarriko ditu institutuaren esku, eta ordainduko ditu eraikinaren funtzionamendu, mantentze eta kontsumo gastuak.
Hitzarmenean aurreikusi dute 1.386 metro koadroko espazioa uztea, Santa Teresa komentuan, hartuko dituelarik eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuak. Diotenez, eraikina balio historiko handikoa da, eta 2004an birgaitu zuten.
Institutuak bi helburu nagusi dituela dio Jaurlaritzak: euskal arkitektura garaikidea zabaltzea eta sustatzea, eta erreferente iraunkor bilakatzea.
Eraikin beharra
Hiru urte dira berrikuntzak egin zituztenetik Orixe ikastolaren azpiegituretan. Hala ere, nahikoak ez direla diote ikastolakoek. Gaur egun, bi eraikin ditu ikastolak, Urgull mendikoa (Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5., eta 6. mailako ikasleak dituena), eta Zuloaga plazakoa (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoak hartzen dituena, baita udalaren haur eskola ere).